Historia garaikidea
Zikloka funtzionatu ohi du kirolak. Ez omen dago betierekoa den ezer, eta erregulartasuna mantetzea zail egiten den heinean boladaka mugitzen den testuingurua da kirola. Jakina zenbaitetanĀ zikloak luzatu egiten dira; horrenbeste, belaunaldiko kirolariaz mintzatzera garamatzala noizbehinka. Hala gertatu da esaterako txirrindularitzan, Lance Armtrong-en erreskadan lorturiko 7 Frantziako Tour-ek garai baten ikono bilakatu zuten Texas-ekoa. Edo tenisa ere honen adibide izan daiteke, kasu hontan Roger Federer eta Rafa Nadalek osaturiko erregetza bizefaloa, azken bospasei urteetako titulo portzentai handia lortu dituzte. Futbolean ere eztabaidaezina da duela urte batzuk Bartzelonak ireki zuen ziklo garaile hura bolada soilaren fasea gainditu zutela aspaldi. Kirolariak bere heldutze garaian protagonismo erabatekoz margotzen du bere jarduera, zigilu eztabaidaezinez igaroko da horrela urrezko letraz idatziriko historiaren liburura.
Euskal testuinguruan ere antzeko kasu baten aurrean gaudela dirudi. Eskupilotaren eremuan Juan Martinez de Irujo gainontzekoekiko adierazten ari den irabazteko gaitasuna nabarmena gertatzen ari da. Azken urteetan dohain apartak zituen jokalaria zen frontoiaren barnean, baina bere odol beroak itsutu egiten zuen eta bide hortatik irrist egiten zioten garaipenek. Baina kirolaria azkenik hazi egin da.
Bere sua kanalizatzen ikasi du bere mesedetan eragin dezan. Egun, naturaren miraria dirudi Iberoko aurrelariak pareten artean. Ez dirudi bere ibilbide zoragarria gelditzeko aurkaririk dagoenik. Jadanik 9 txapela irabazi ditu nafarrak, 29 urte baino ez dituela. Oraindik ere urte mordoxka baditu aurretik bere palmaresa handitzeko. Zenbaitek jadanik Julian Retegiren 20 txapela horienganako mehatxua ikusten dute Irujoren tren geldiezin hortan.
Honetatik eratorri beharko genukeen hausnarketa bestalde honakoa da: positiboa ote da kirolarentzat, kasu hontan, eskupilotarentzat, arrakastaren monopolio baten sorrera? Seguraski ez. Edozein kasutan zikloak esan bezala oso hauskorrak dira. Badago eremu pilotazalean Aimar Olaizolaren figura horren bueltan Irujo geldituko duen pilotaria ikusten dutenak. Edozein kasutan pilotari handietaz ari garen heinean, ikuskizunaren bermea badagoela ukaezina da.