Bide berriak garatuz
Euskal lurraldean tenisa bezalako kirol entzutetsu baten oihartzuna egunotan txikia dela esan beharra dago. Ia hutsa maila gorenak hizpide izatekotan. Urruti geratzen dira jadanik Alberto Berasategi tenislari bizkaitarrak Roland Garros txapelketa paristarrean finalera iristea lortu zuen garaia. Egun, munduan barrena hazkundean dagoen testuinguru hontan ez dago bidea irekitzen duen tenislari euskaldunik.
Teoriak dio kultura kirolzalearen eta kirolari arrakastatsuen batasunaren erkaketak ahalbidetzen duela, azken batean, txapelketetan garaipenak lortzea eta aldi berean antolakuntza sistema eraginkorrak izatea, hau da, "merkatua" esaten dioten horren egonkortzea. Bada, tenisaren eremuan kirol honen inguruko apustu hori proposatzea planteatu zuten duela bi urte. Arraroa ematen zuen ezbairik gabe Bilbon mundu mailako tenis masters bat izatea. Ez zirudien toki egokia zenik. Garai hartan xume hasi zen abenduaren erdialdean planteatu zen txapelketa hura. Estatuko tenislariak ekartzearen apustua bideratu zuen eta La Casilla zaharra erabili zuen txapelketa itxaropentsuari hasiera emateko. Erabaki arriskatua izan zen hura, hainbat enpresaren artean harturikoa. Nahiz eta punta puntako lehiaketa ez zen, diru kantitate handiak dira tenisaren inguruan mugitzen direnak, eta ez zegoen inolaz ere ziurtatua Bilbo eta inguruetako publikoak horrelako zerbaiten aurrean izango zuen erreakzioa.
Bada, hirugarren edizioa bukatu berri da, eta esan beharra dago 2008an buruturiko apustu hura ondo atera zela. Egun txapelketan ez daude soilik Espainiako tenislariak, mugak ireki egin dira eta aurten are urrutiagoko tenislariak ere izan dira. Fase finalaren aurretik beste sailkapen txapelketa bat ere badago final laurdenetarako txartelak jokoan daudela. Eta La Casilla xarmangarri baina zaharkitu samarra Miribillako Bilbo Arena estreinatu berriagatik aldatu da. Hori bai, ez da aldatu euskal tenislariei aukerak emateko joera, aurten IƱigo Santos edo Gillermo Olaso bezalako tenislariek garaipen aipagarriak lortu dituzte mundu mailan oihartzuna lortuz doan txapelketa hontan. Eta Bilboko publikoa ere metatuz joan dela esan beharra dago. Lehen hizpide genuen kultura teniszale hori lortuz doala dirudi, eta zalego fin eta geroz eta handiagoa biltzen da txapelketan. Agian kasualitatea izan daiteke, baina tenis eskoletan geroz eta ume gehiago dagoela diote. Zailena geratzen da edozein kasutan, bidea irekiko duen tenislari garaile euskaldunaren agerpena.