Itzalik ez dagoen lurraldean

Iker Zabala

Euskal mendizalezatasuna azken garaietan izen bakar batekin lortu beharko bagenu duda izpirik gabe Edurne Pasabanena atera litzaiguke guztioi. 14 zortzimilak zapaldu dituen lehen emakumea izaki, bere izena historian urrezko letrez idatzi du. Baina erronka bat lortzeak ezinbestean dakar beste batzuk itzalpean geratzea, izen bakar batek beste asko irensten dituen bezala. Horrela, Pasabanen arrakastak geroz eta titular handiagoak betetzen zituen heinean, beste espedizio batzuk letra txikiagoz idazten ziren, edo beste mendizale batzuek ez zuten mereziriko gizarte onarpen hori jasotzen.

 

Gaurkoan Alex Txikon lemoarra izango dugu hizpide. Edurnenerin burutu ditu tolosarrari geratzen zitzaizkion tontorrak. Pasabanentzat beraz garai berri bat hasi den heinean bere espedizio kideek ere bide berriei ekin diete. Horrela, Alex Txikon itzaletik irten da 2011 hontan. Bere desafio propioak lortzearen grinak bultzatuta zortzimilakoen sukarretik ihes egin eta beste helburu batzuk lortzeko jomuga jarri dio bere buruari. Gasherbrum I mendi pakistaniarraren tontor hori zapaltzea du helburu. 8.068 metro, lurreko hamaikagarren mendirik garaiena. Horrarte denak ohiko parametroak betetzen ditu. Denbora da abentura honen gakoa, neguan ekin baitiote Txikon eta bere espedizio kideek igoerari. Sekula inork ez du Karakorum mendikatearen zortzimilako tontorrik zapaldu negu garaian, hotz eta haize boladek mendia arriskutsu eta praktikaezin bilakatzen dutenean.

 

Ezinezko dirudien helburu honek beraz utopikoaren mugak esploratzen dituela dirudi. Txikonek adierazi duenaren arabera, prest sentitzen du bere burua tamaina hontako erronkari ekiteko.

 

kirolak_11_01_27

 
 

Gizon apustuzalea dugu Alex Txikon. Mendizale izateaz gainera, aizkolari ere badugu, eta sarritan ikusi dugu zezen plazetan herri kirol desafioak luzatzen. Geroz eta zailago gertatzen da mendiaren munduaren aurka lehiatzearen jarduera zaharrean xede berriak aurkitzea. Kasu hontan badirudi naturak karta hobeak dituela apustua irabazteko orduan. Hortaz konsziente da bizkaitarra, eta etxera helburua lortu gabe bueltatzea posibleena dela jakitun ere, garaipen epiko baten posibilitate nimiñoak bultzatzen du aurrera egitera. Gora, hobe esanda. Ezerk itzalik egiten ez duen tokira.

Iker Zabala

2011, Urtarrila 27
Arloa: Kirolak