Munduan barrena korrika

Iker Zabala

Lorpen ofizialetatik kanpora eraikitzen diren ekimenak dira zenbaitetan barne asealdia dakartenak. Norberak bere buruari ezartzen dizkionak, muga pertsonalak behatuz eta posibilitateen atalaseak esploratuz. Kirolaren eremuan oso baliagarria den baieztapen honek, are zentzu enfatizatuagoa izango luke kirol paralinpikoaz ari garenean.

Javi Conde korrikalari basauritarrak aski onarpen eta arrakasta lortu du eremu honetan. 7 urrezko domina eta 2 zilarrezko ditu joko paralinpikoen barnean, eta orain, 46 urte dituela bere erronka propioak markatzeko garaia iritsi zaio. 28 maratoietan parte hartzea bilatzen du, zehazki joko olinpiko eta paralinpikoen sede izan diren hiri guztietako maratoietan helmuga zeharkatu nahi du. Proiektu anbizioso bezain nekagarria, eta berau burutzeko denbora tarte luzea eskatzen duena. Jadanik bere ibilbidean 8 egin dituela kontutan hartuta, bi urte baino gehiago emango ditu korrilari bizkaitarrak munduan barrena zerrenda luzea bukatzen duen arte.

Abentura bukatzen denerako 1176 kilometro izango ditu zeharkatuak maratoi horietan, eta maratoi bat prestatzeko media 1000 kilometrotan dagoela, orotara 29.176 izango da Condek bere bizkarrean izango duen kilometro zama azken helmuga zeharkatzen duen unean. Ekimen sinbolikoa da oso Javi Condek bere buruari markatu dion hau. Horrela, jomuga solidarioa da proiektuaren motore nagusia. Jada lehiatu dituen maratoietatik 6.000 euro lortu ditu finantziazio eta patrozinatzaileen bitartez.

kirolak_11_02_01

Horrelako zerbait aurretiaz egin den edo ezen informaziorik ez dago. Egia esan, garrantzirik ere ez daukan zerbait da, izan ere, Condek ez du gizarte laudorioa bilatzen horrelako zerbait martxan jartzen duenean. Baina inkonszienteki bai ateratzen digula argitara berak osatzen duen kirol paralinpiko horren duintasuna. Zenbaitetan daukan tratamendu mediatikoa kontutan hartuta kirolaren apendize hutsa baino ez dela dirudien arren, mugak gainditzearen elementua erroetaraino dago ezarria ezintasunak dituzten kirolari horien barnean. Jadanik puntu honetan ezinbesteko galdera planteatu beharko genuke: ohore eta arrakasta dominetan dago? (bizitza eta gizarteko horrenbeste eremutara estrapola daiteke galdera hau...)

Iker Zabala

2011, Otsaila 01
Arloa: Kirolak