Euskal kirolaren erritmora dantzan

Iker Zabala

Euskal kirolaren ondare historikoa berreskuratzea beti da positiboa. Zeren askotan, joaneko garaipen eta arrakasta nabarmenak hortxe geratu dira, iraganean eta oroimenean lurperatuak eta orainaldi urriak itsusitu egiten du lorpenaren garrantzi izugarria.

 

Esandakoaren adibide egokia izan daiteke ziur asko Getxo Rugby taldearena. Euskal errugbiaren paradigma eta erreferentzia urte askotan zehar, urrezko urteak bizi izan zituen 90. hamarkada horren barnean, bereziki 1993an: ohorezko ligako txapeldun izan zen, oraindik ere beste euskal talde bat iritsi ez den gailurra da hau.

 

Esan bezala, beraz estatuko maila gorenera itzuli izana lorpen handia da talde bizkaitarrarentzat. Ez da gehiegi pasa jaitsiera burutu zenetik, 2009ko apiril garratz hartatik bi urte eskas dira igaro direnak, eta ematen duenaren arabera, behetik gora etortzearen inertziak on egingo die getxoztarrei hurrengo urteei begira.

 

Ezin daiteke ahaztu, bestalde, zein puntutaraino hornitzen duen Getxo Rugby taldearen igoerak euskal rugbbyaren potentziala hamarkada hasi berri hontan. Orotara 4 izango dira hurrengo denboraldian maila gorenean izango diren euskal taldeak, beti ere Pegamo Bera Berak asteburu hontan bertan bideratuta daukan permanentzia baieztatzen badu. 4 ordezkari 10 talde dituen txapelketan. Bereziki aipagarri AMPO Ordiziaren kasua, aurten ligaren azken txanpararte egon da tituluarengandik borrokan, nahiz eta azkenik La Vila talde alikantearrak bere erregetza berretsi duen. Edozein kasutan, gipuzkoarren denboraldia goraipatzekoa, baita Gernika Rugby eta Pegamo Bera Berarena ere. Bizkaitarren kasuan, oraindik ere 3. tokian sailkatzeko aukerak badituzte, beraz euskal taldeek ligako podiumaren bi euskarri izan ditzakete aurtengo edizio hontan.

kirolak_11_03_02

 

Ukaezina da beraz euskal errugbiak bizi duen une goxoa, baina koska bat igotzea falta da oraindik. Esan bezala, 1993an Getxo Rugby taldeak irabazitako liga hura euskal errugbiaren txapelketa bakarra dugu. Etorkizunak baieztatuko digu perspektiba uste bezain oparoak diren. Etorkizun hurbilak, agian.

Iker Zabala

2011, Martxoa 02
Arloa: Kirolak