Itziarren Semeak

 

Itziarren Semeak Mungiako taldeak bere diskoa aurkeztuko du egunotan. "Dale Candela" izenburupean doinu biziak eta dantzagarrika aurkezten dizkigute. Datorren abenduaren 13an Bilboko Kafe Antzokian arituko dira zuzenean. Manex Altuna, taldeko kitarrajotzailea eta kantaria gurekin izan dugu.

Ze momentutan aurkitzen da taldea?

Inoiz baino gogo gehiagorekin gaude kontzertuak jotzeko. Disko berria prestatzen ibili gara azken hilabeteetan eta orain kanta berriak zuzenekoetan aurkezteko gogoa daukagu. Gainera, lehenengo aldiz Euskal Herritik kanpo jotzeko aukera izango dugu azaroaren 24an Londresen joko baitugu eta abenduan Kubara goaz. Beraz, bizirik eta gogotsu gaude egindako lanaren fruituak jasotzen.

"Dale Candela" deitzen da disko berria. Taldearen izarea isladatzen duen izenburua ahal da?

Esaldi horren atzean hainbat ideia daude. Alde batetik, aurrera egiteko indarra ateratzea, egurra ematea... eta horretan Itziarren Semeak taldearen filosofia guztiz isladatzen da. Gero, Hego Ameriketako iraultzei keinu bat egin nahi izan diegu eta disko berria osatzen duten kantuen estilo aniztazunean ere isladatzen da. Eta azkenik, Candela emakumezkoen izena denez eta kandelak argia ematen duenez ideia hori ere adierazteko aproposa iruditu zaigu, emakumezkoek etorkizuneko argia piztuko dutela, alegia.

Hasieratik estetika zaindu izan duzue. Taldearen jarreran estetikak baduela garrantzia dexente antzematen dut.

Noski, kontzertuetarako uniforme berezia prestatuta daukagu: Kuadrodun alkondarak, maoizko frakak eta alpargatak. Publikoaren atentzioa deitzeko egiten dugu, taula gainean ikusten digutenean beraien arreta bereganatzeko eta gogoratu gaitzaten.

Non erosten dozuez kuadrodun alkondara horrek?

Orain berriro modan jarri ditugun arren, kar kar... Etxetik aurkitu ditugu gehienak, gurasoenak dira. Kuadrodun alkondarekin jotzera irtetzeko erabakia hartzeko arrazoi nagusia 80. hamarkadan gure gurasoek erabiltzen zituzten erropak gogora ekartzen zizkigutelako izan zen. Borroka garaia eta RRV-a (Rock Radikal Vasco mugimendua) etortzen zitzaizkigun burura.

Bestetik, badirudi lan berri honekin zuen estiloa nolabait zabaldu nahi egin izan dozuela. Ez aspertzeko? Ska doinuak limite bat dutelako? Talde moduan hazten jarraitzeko?

Estilo berriekin ausartu gara lehenengo aldiz. Kanta funky bat egin dugu, rap pixkat sartu dugu eta tecno eta drum and bass-a ere bi kanten erremixetan. Horren adierazgarri dira grabaketan lagundu diguten musikariak: Iheskide, Norte Apache, La Jodedera taldeko Mandi perkusionista edo Iñaki (Gose) eta DZ (Esne Beltza). Inoiz ez dugu izan inolako mugarik estilo aldetik eta frogatzea gustatzen zaigu. Azkenean entzuten dugun musikaren islada baino besterik ez da.

Kakigaz aritu zarie. Badirudi azken urteetan disko "serio" bat grabatu nahi dauen edozein taldek beragana jotzen dauela...

Maisu bat da. Laugarren aldia da berarekin lan egiten dugula. "Bizkaiko golfoak" (2010), "Lehen lerroan" (2011) eta "Basque of Brixton" EP-a (2012) berarekin grabatu genituen. Euskal Herriko musikaren munduak azken bi hamarkadetan bizi duen garapena lehen lerroan bizi izan du eta plazer handi bat da berarekin lan egin ahal izatea. Gainera, oso fina da eta berarekin grabatu dugun guztietan kantuen maila hobetu egiten du eta horregatik, aukeratu dugu berarekin berriro lan egitea.

Askotan hitz egiten da zuen musika entzutean ska-punk egiten dozuela.

Hala ere, nik, estiloak alde batera utzita, uste dut badagoela Kortatu-Negu Gorriaken eragin nabarmena, batez be kontzeptu aldetik. Ska punk bezala definitzen dugu gure burua, ska-rekin festarako gogoa adierazi nahi dugulako eta punk-arekin isilik geratuko ez garela ohiukatu. Baina, arrazoi duzu, gu Kortatu eta Negu Gorriak entzunez hezi ginen eta guretzat erreferentzia argiak dira. Gainera, talde hauei esker ezagutu ditugu The Clash moduko taldeak, eta estilo aldetik mugarik jartzen ez duten taldeekin bat egiten dugu. Kontzeptuari dagokionez, Kortatu eta Negu Gorriak bezala gu euskaldunak gara eta Euskal Herritik begiratzen diogu munduari, beraiek bezala maite duguna edo gorroto duguna adierazteko abesten dugu.

Zein da taldekoen batazbesteko adina?

Denetarik dago, 21 bat urte ditu Asier tronpetak eta 35 Jebi baxuak. Besteak, horien artean 26 Irkus saxoak, 28 Ibon abeslariak eta Unai bateriak, 30 Manex gitarrak... askotan laguntzera etortzen den John Caiman tronboiak berriz, 50 urtetik gora ditu.

Non entsaiatzen duzue?

Jataben, etxeko garajean. Loramendi Rekords bezala izendatuta daukagu txokoa eta hortik irtetzen dira gure zorakeria guztiak.

"Itziar" Mungian dauen taberna bat da, hor biltzen zineten eta hortik dator taldearen izena?

Egia da taldeko lehen bateria izan zen Kue taberna horretakoa zela eta horregatik ere jarri geniola izena, Itziar bertako nagusiak bere semeak bezala tratatu gaitu beti eta, herritik poteoan ibiltzerakoan beti bisitatzen dugun tokia dela. Baina arrazoi nagusia Pantxo eta Peioren "Itziarren semea" kantuan dago. Hortik hartu genuen taldearen izena, torturaren aurkako aldarri bezala.

Ummm, zuekin aritzen diren neska dantzarien inguruan zer esan al didazu?

Mirentxuren alabak deitzen dira eta hainbat kontzertu, bideoklip eta argazkitan parte hartu dute. Olaeta Ballet elkarteko dantzariak dira eta 2011ko Bilboko jaietan Kaskagorriko dorrean eman behar genuen kontzertu berezian laguntzeko prest agertu ziren, beraiek prestatu zituzten koreografiak eta dantzak, eta bikain irten zenez, aukera izaten dugunean gurekin etortzen dira. Azken finean, kontzertuei ikusgarritasun handiagoa ematen diote eta publikoa dantzan jartzen laguntzen digute.

Disko berria. Aurrerapausu bat da talde moduan?

Bai, 2008an atera genuen maketatik "Dale Candela"-ra heltzeko egindako bidea begiratzea besterik ez dago. 150 kontzertutik gora eman ditugu eta hori igartzen da kantuak konposatzerako orduan. Gero eta errazagoa egiten zaigu eta erraz moldatzen gara estilo ezberdinetan. Lehen aipatu dizudan bezala, ska, punk, funky, saltsa... iturri ezberdinetatik edanda osatu dugu koktel tropikala. Oso pozik geratu gara egindako lanarekin eta orain zuzenekoak eskaintzeko gogotsu gaude.

Bizitzen ari garen garaietan musika inoiz baino ludikoago da. Musika egitea, jarrera estetiko bat da askotan. Nola ikusten duzue zuek?

Guretzat musika festarekin lotuta dago baina ezin daiteke banandu gizartean eragiteko daukan gaitasuna. Guk oso argi daukagu zapaldutako guztien alde eta boteretsuen kontra abesteko egiten ditugulako kantuak eta bide horretatik jarraitzeko asmoa daukagu. Gainera, gaur egungo egoera ikusita, ez dugu inolako asmorik isilik geratzeko eta plaza guztietan aldarrikatuko dugu pentsatzen duguna.

Aurrera bolie!! Dale Candela!!

Gotzon Uribe

2012, Azaroa 13
Arloa: Berba Bi