Natura grinarekin nahasten denean
Naturak askotan gabeziak egozten dizkigu. Gure giza izatasunean jada badaude aspektu batzuk bizitza zailago bilakatzen dutenak, edo nahiko genituzkeen helburuak lortzen uzten ez digutenak. Edo hobe esanda, helburuak lortzeko zailtasunak jartzen digutenak.
Ezintasun horiek denok ditugula onartuta, kontraesana sortzen da gabezia horiek barne grinarekin tupust egiten dutenean. Gorputz barrutik astintzen diren bi inertzia erabat aurkako bezala azaltzen zaizkigu.
Honen adibide didaktiko bezala hartu beharko genuke Josu Feijoo mendizalea. Kirolari arabarra dugu eta bere bereizgarririk nabariena diabetikoa dela da. Egunero 4 intsulina dosi behar ditu bizirauteko. Hainbat mendi eta trabesia bideratuak bazituen 1989an, bere gorputzak zuen beharra jakin zuenean. Albisteak halere, kirolarekiko bere erlazioa birformulatu beharrean, sendotu egin zuen, eta 1989tik hona hainbat mugarri burutu ditu, tartean Himalako mendikateko Everest edo Shisha Pangna igotzea, edo Antartikako hainbat tontor. Egin dituen erronka gehienetan, historiako lehen diabetikoa izan da. Abenturaren 'Grand Slam'-a ere erdietsi, du, alegia, bai hego zein ipar poloak konkistatu ditu, eta kontinente bakoitzeko puntu gorenak ere zapaldu ditu. Honi gaineratu behar zaio espazioan ere izan zela Feijoo, lurrari biraka ibili zen espaziuntzian diabetearen inguruko esperimentuetan ibili zen.
Bada, planetako erronkak bukatzen ez diren heinean, bere abentura gosearekin jarraituko egiten du Josu Feijook. Horrela ekin zion Groenlandia zeharkatzearen espedizioari. 800 kilometro inguru, Fridtjof Nansen-ek 1988an irekiriko errutari jarraituz. Baldintza ezin gogorragoak, 35 gradu zero azpitik 24 orduko egunak dituen lurraldean. Baldintza gogorregiak. Josuren gorputzak ez zuen jasan, bere odoleko azukre tasa jaitsi egin zen eta bi koma hipogluzemiko izan zituen. Egun lazgarriak izan ziren espedizioarentzat, Danimarkatik etorritako helikopteroak ezin baitzuen Josu jaso eguraldi txarraren ondorio. Azkenik halere, Tasiilaq-eko hospitalera heldu zen Josu eta bere osasuna estabilizatzen doa. Bere 45 urteekin eta izandako sustoarekin, azken espedizioa izan dela beretzat adierazi du Feijook. Ikusi beharko zenbateraino den egia adierazpen hau. Zeren denok badakigu barne grinak asetzea zein konplikatu izaten den.