Sendotasunaren onurak

Iker Zabala

Egia da kirola ez dela bigarren aukerak emateko testuingururik egokiena. Elitea bakar batzuentzat gordeta dago eta aukerak ez aprobetxatzeak ateak itxita aurkitzearen ondorio mingotsa izan dezake. Guzti honen inplikazioak biderkatu egiten dira futbola bezalako kirola badaukagu mintzagai.

Hausnarketa hauek ondo datoz Sendoa Agirreren ibilbidea behatuta. Alakanteko Hercules taldeko jokalari, hainbat mediotan argitaratu den bezala, historia guztiko jokalari beteranoena lehen mailan estreinekoz jokatzen.

Erandiokoak beste futbolari ibilbide batetaz egiten digu hitz. Ibilbide atipikoa, futbolariarekin erlazionatzen ez duguna. Nahiz eta bere hastapenak ez ziren horren desberdinak izan: futbol bizkaitarreko behe mailen zelai lokaztuak ondo ezagutu zituen erandioarrak, Zorroza bezalako taldeetan; Gernikara heldu zen arte. Bertan, erdietsitako golen ondoren, Athletic-en arreta deitu eta Lezaman ibili zen Sendoa, era txukunean. Debuta ere egin zuen Athletic-ekin, 1998ko uda hartan, mendeurreneko partidan Brasileko selekzioaren aurka. Estreinaldi ez ofiziala, baina itxaropentsua. Arazo bat bazegoen halere: nagusia zen jadanik Sendoa. 23 urterekin, bere aukera orduan aprobetxatu beharra zuen ostrazismoan ez geratzeari begira. Ez zen posible izan, Sendoak berak zenbaitetan aitortu zuenez, ez zen eliteko presioa jasateko gai izan. Horrela, lehen mailako ateak itxi zitzaizkion, eta ordutik taldeen arteko bidaia hasi zuen. Lehenik utzita bezala Eibarren, eta ondoren, jadanik Athletic-ekin erlazioa etenez, Barakaldon. Berriro ere behera jaitsi behar izan zuen Agirrek bere igoera progresiboa gerta zedin.

Barakaldoko partida duinek ate berriak ireki zizkioten, etxetik urruti, hori bai. Alakante taldera joan zen bizkaitarra erronka berriak zain zituela. Bertan beste etxe bat aurkitu zuen, eta lau urte burutu zituenean beste mailatxo bat igotzea lortu zuen. Bertatik oso gertu, Hercules izan zen bere hurrengo jomuga. Izaera adeitsu eta alaiaz, zoragarri egokitu zen berriro ere 2. mailako taldearen barnean, eta beste lau urteren ondoren, lehen mailara igoera burutzea lortu zuen, era aktiboan parte hartuz eta gol erabakiorrak erdietsiz.

sendoa

Horrela gauzatu zen horrenbeste urtez atzeratutako eguna. 2010eko abuztuaren 28a zen, eta Sendoa Agirrek lehen partida jokatu zuen maila gorenean 35 urterekin. Eta patuaren gutiziak, talde alakantearraren aurkari egun hartan Athletic izan zen. Adierazgarririk argiena Sendoak bere ziklo luzea itxi zuenarena.

Hilabeteak pasa dira ordutik, eta Sendoa Agirreren partaidetza 23 partidatara luzatu da. Hauen artean bereziena ziur asko Mallorcaren aurka jokatutakoa, 36. jardunaldian. Bina berdindu zuten bi taldeek, eta Sendoak bi golak erdietsi zituen. Berriro ere patuarekin bidegurutzea gauzatu zuen euskaldunak, izan ere egun hortan bere jaitsiera gauzatu zuen Hercules-ek.

Halere Sendoa Agirreren kasuak futbolaren beste aurpegi hortaz jabetzeko balio beharko liguke ezinbestean. Ametsak lortzeko borondate sendoa izatearen onurak ateratzen baitizkigu argitara.

Iker Zabala

2011, Maiatza 22
Arloa: Kirolak