Historiaren balioa

Iker Zabala

Historiaren kontzeptua askotan erabiltzen da kirolean. Gehiegitan agian. Jarduera zehatz batetan denbora gutxien inbertitu duena, zerbait lortzean pertsona gazteena, lehen emakumea, edo azal txuria dutenen artean marka nabarmenena lortu duen kirolaria. Ez da erronka historikoen lorpenen meritua urratzea hitzon borondatea. Soilik adierazi nahi da, datu gaindosia dagoen informazio gizarte honen barnean, kriterio eta ebaluazio parametroak anitzegiak direla nonnahi orain arte lortu egin ez diren balentriak aurkitzeko. Halere, zenbaitetan ekintza historikoek zapore sinbolikoa daukate, eta beste eremu batzuetara eramaten dituzte garaipenen zentzuak. Euskal testuinguruan duela gutxi izan dugu horren adibiderik argiena.

 

Buruz buruko finala genuen, Bizkaia pilotaleku estreinatu berriaren kantxan. Aimar Olaizola eta Yves Salaberry, “Xala”, aurrez aurre, denboraldi pilotazaleko txapel garrantzitsuena lortzeko nahian. Bien talentu eta pilotarako balioa sobera ezagutua. Gorriz, Aimar Olaizola, belaunaldiko pilotari garrantzitsuenetarikoa, disziplina guztien artean zortzi txapela irabazitakoa, demostratzeko ezer ez zuela irten zen pilotalekura. Urdinez, “Xala”, hau ere txapelak irabazitakoa, baina binakakoan soilik. Ez da gauza bera. Historian izena urrezko tintaz idaztea bada helburua, buruz buruko txapela behar omen da.

 

Partidak final handien zaporea zuen. Aurretiazko polemika eta guzti, izan ere, “Xala”k ezusteko ebakuntza izan zuen, momenturik okerrenean pairatu zuen apendizitis-a. Finala jokatuko zuenaren zalantza izan zen lekuindarrari zegokionean, baina azkenik garaiz iristea lortu zuen lapurtarrak. Hori bai, bere egoera fisikoaren inguruan zalantzak mantendu egiten ziren, harmailak ez zeukan argi zenbateraino izango ziren nahikoa “Xala”ren indarrak Aimar Olaizola bezalako aurkariaren aurrean. Bada, dudak partidaren azken txanpan uxatu ziren, indarren erreserbak agortzen diren une horietan hain zuzen. Kemen eta indar erakustaldi zoragarria burutuz, partidari buelta eman eta 22-19 irabazi zuen “Xala”k.

kirolak_11_07_04

 

Era epiko hortan beraz gailendu zen historiako lehen Ipar Euskal Herritarra buruz buruko finalean. Datu hutsal eta zentzugabea zenbaitentzat, beste hainbat estatistika inozoen artean galduko dena. Halere, eskupilota bezalako kirol euskal herritarrarentzat, kutsu sinbolikoa hartzen du, uztartze gisa daukan pisuagatik. Txapelak zenbat eta banatuago egon, orduan eta batuago baitago pilotaren lurraldea.

Iker Zabala

2011, Uztaila 04
Arloa: Kirolak