Hondartza baloiak eraikitako zubiak
Kirolen arteko desberdintasunak urtaroaren araberakoak direla esan genezake. Zenbaitetan era argian marrazten zaizkigu uda edo negu kirolen mugak. Esaterako, inork ez luke zalantzan jarriko surf-a, txirrindularitza edo arrauna udan praktikatzen diren kirolak direnik. Jarduera estandarragoak ere badaude, esku pilotan esaterako feria eta txapelketen bitartez udako interesa mantentzea lortzen dela esan genezake, esaterako. Baina, oro har, urtean zehar lehiatzen diren kirolek uda atsedenerako erabiltzen dute. Futbolaren kasua daukagu ziur asko argiena. Kirolen artean errege, europar mendebaldeari dagokionean gutxienik, uztaila eta abuztuan apenas dauka kirol ekintzarik, selekzioen arteko txapelketarik tartean ez badago behinik behin. Klubek elkarren artean jokatzen dituzten lagun artekoekin konformatu behar izaten da futbol jale amorratua egunotan. Hondartza baloiaz jokatzen diren partidak, inongo tentsiorik azaltzen ez dutenak.
Halere, panorama aspergarri honen barnean ere proposamen berritzaileak azaleratzeko tartea badago. Horrela, egitasmo exotikoz jarri zen martxan Barakaldoko “Justice Trophy” txapelketa. Hasiera batean, proiektu solidarioa zen heinean, anbizioso jokatu zuten udalherri bizkaitarreko antolatzaileek. Atzerriko hainbat talderen izenak zeharka ibili ziren. Horrela, Uzbekistango selekzioaren izena atera zen mahai gainera, edota Marokoko Fez-eko MAS taldeak ere kale egin zuen. Azkenik ordezkari exotiko bakarra baino ez zen izan Euskal Herrian: Kuwaiteko Al Jahra taldea. Helburua Espainiako ligako talde bat, kasu hontan Santandergo Racing, ezezaguna suertatzen zen beste batekin parekatzea zen, horrela urruti kokatzen diren kirol ulerkera horiek mahaigaineratzeko, eta futbola bezalako jarduera masibo horren barnean ate berriak irekitzeko. Aukera paregabea ikuslearentzat, eta batez ere, talde hortako ordezkarientzat ere: Kuwait-eko jokalari hauek Euskal Herriko futbolarekin metaketa burutu dute, hainbat partida jokatu dituzte bertako hainbat talderen aurka, eta batez ere, Athletic-eko instalazioak ere izan zituzten ikusgai. Pozik azaltzen ziren Al Jhara-ko jokalariak bertako futbolaren azpiegiturak behatuz.
Herrialde asiarreko puntako taldea da, eta 1990ean bere ligako txapeldun izan zenean gailurra ikutu zuen. Berregituratzen fasean dago eta jeke baten petrodolarren magalpean talde berritua eraiki nahi dute. Ez da halere, momentuz nahikoa mendebaldeko taldeen aurka lehia plazaratzeko.
“Justice Trophy” honen lehen edizioan Racing gailendu zen 0 eta 6 argi batekin. Kanpotik ikusita aurredenboraldiko partida bat gehiago baino ez zen. Halere, futbol ulerkerak uztartzeko borondatea zegoen atzean. Ea hurrengo edizioetan euskal ordezkariekin ere meta daitekeen futbol mediatikotik at ezartzen den beste mundu aberats (kulturalki, diot) hori.