Tableroaren erdigunean

Iker Zabala

Teoriak dioenaren arabera behetik hasi beharra dago goia ikutu ahal izateko. Egia da gehienetan basikoenetik hastea izaten dela komenigarriena, lorpen konplexuago edo estrategikoago batzuk eskuratzeko asmotan. Halere, askotan prozesua alderantzikatu egiten da, beti ere epe ertain-luze hortako xedeak ahaztu gabe. Horrela, Bilboko Chess Masters finala bertan daukagu beste urte batez, munduko xakelaririk lehiakorrak zein baino zein munduko txapeldun (kasu hontan, literalki) izateko norgehiagoka bizian.

kirolak_11_10_02

Aurtengo edizio honetako nobedade nagusiena, bi fasetan banatu izana da, eta fase bakoitzarentzat, eszenatoki bana, elkarren artean oso desberdinak. Horrela, Sao Paulon jokatu dituzte jadanik lehen bost jardunaldiak sei jokalariek, eta Bilboko Aloldegian ezagutuko dugu orain liga honen patua. Xakearen internazionalizazioa erakusteko estrategia komertzial bezala interpretatu behar da, ziur asko, txapelketaren banatzea, parametro ekonomikoz eraikia. Halere, espektazioa piztu du Euskal Herrian, txapelketa gureratu baino lehen jarraitu ahal izan baita. Xakeari, beste edozein kiroli baino gehiago laguntzen baitio teknologia berrien aukerak, eta horrela, partidak zuzenean sare bidez ikusteko aukera izan du zale amorratu zein hasi berri liluratuak.

Horrela, urriak 5etik aurrera izango da ikusgai munduko xakerik onena Euskal Herrian. Eta honekin batera, beste xake mota asko, agian apalagoak, gozagai. Maisu internazionalen Opena, alde batetik, goi mailako beste txapelketa bat ikusteko aukera; lagunatasunaren txapelketa, euskal xakelarien neurketagune, taldekako xake azkar txapelketan; eta eskolarteko lehiaketa, bizkaiko federakuntzak antolaturiko lehia txikienek ere bere eszenatoki izan dezaten. Lau arreta foko beraz, xakearen lau bizimodu desberdinetaz mintzatzen direnak. Maila goren eta oso jasoarekin batera, Euskal Herriko xakea, askoz ere apalagoa, baina kirol honekiko euskal maitasunaren berri ematen diguna. Eta aipatu bezala, gazteen, etorkizunaren lekukoa hartuko dutenen xakea. Ezinbestekoa da azken puntu hau antolatzen den goi mailako edozein ekitalditan. Onenen sustapenak ez daukalako zentzurik etorkizuneko kirolari potentzialari ateak irekitzen zaizkiola iradokitzen ez bazaio.

 

Iker Zabala

2011, Urria 02
Arloa: Kirolak