Olatu gaineko erronkak

Iker Zabala

Zenbaitetan euskal kirola indartzearen xede hortaz mintzatzen gara. “Indartu” adiera abstrakto horren inplikazioekin tupust egiten dugu bidea hasi bezain orduko, izan ere, zer da honek inplikatzen duena? Gure kirolarien prestakuntza doitzea, nazioarte mailan arrakastak lor ditzaten? Gazteen interesa bultzatzea, hala epe luzera emaitza positiboagoak lortzeari begira? Bada, iradoki daitezkeen erantzun guztiak garaipenarekin egongo dira ziur asko erlazionatuak, hau baita, ez dezagun ahaztu, kirolaren eremu naturala.

 

Halere, aipatu dugu zenbaitetan, kirolari beste perspektiba askotatik begiratzeko aukera ere badago, eta hala “euskal kirola” aipatzen denean nortasun deportibo baten garatzeaz ere hitz egin genezake. Xede horrekin jaio zen Euskal Herria Kirola erakundea, eta bere lehen antolakuntza azpimarragarrienetarikoa Kantauri Surf Liga izango genuke. Euskal taldeei bideraturiko taldekako txapelketa da eta bere lehen edizio hontan 6 talde izango ditu lehian Euskal Herriko txapeldun bilakatzeko nahian. Berezitasun nabarmenak dituen lehia izango da hau, izan ere, surfean apenas lehiatzen da taldeka, liga edo txapelketa luzeak ez dira ohikoegiak, eta jakina, orain arte euskal eremuan ez da halakorik ikusi. Sei talde dira inskribatutakoak, eta hala, Peña Txuri, Bakio, Getaria, Zarauzko Surf eskola, Angelu eta Artha izango dira elkarren arteko borrokan hurrengo asteetan. Bi bizkaitar, bi gupizkoar eta bi lapurtar; lehen ediziorako ez dago gaizki, kontutan hartu behar da surfaz ari garela eta barnekaldetako probintzietan ez dagoela surferako aukera fisikorik.

kirolak11_11_01

 

Horrela, antolakuntza lanetan Euskal Herria kirola badago, lehiaketaren bereizgarri ere bada taldeak gidaritza bere gain hartzea eta hala, etxean jokatzen duen jardunaldi bakoitzean, bertako surf eskolak hartuko du antolakuntzaren ardura.

 

Apenas bi jardunaldi baino ez dira pasa oraindik, eta goiz izan liteke lehen edizio honen emaitza neurtzeko, baina espektazio aldera termometro egokia izan daiteke azaroaren 20an Zarautzen egingo den finala. Bertan erabakiko da aurtengo irabazlea, eta Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko talde onenak lehiatuko dira. Nork irabaziko duen? Auskalo. Halakoetan garailearen inpaktua minimizatu egiten dela pentsa genezake. Halere, txapelketaren benetako mugarria epe luzera dago, etorkizunean Kantauri Liga irabaztea lehen mailako lorpen bilakatze hortan hain zuzen ere.

Iker Zabala

2011, Azaroa 01
Arloa: Kirolak