Nortasunaren aldarria
Euskal futbol selekzioaren aldarria ozen entzun da aurtengoan ere San Mameseko milaka pertsonak bozeramale bilakatuz. Kuriosoa da bizitzaren fenomenoak nola ematen diren, duela ez asko, selekzioaren denominazioak horrenbesteko garrantzia zuela ematen zuen garaietan, aldarrikapenak hilik zirudien. Halere, bere garaian auziak zuen inplikazioa argi geratu zelaren mezua zabaldu egin zen, eta ordutik, argi eta indartsu hedatu zen ofizialtasunaren garrantziak euskal gizartearen barnean duen traszendentzia.
Aurtengo aurkaria Tunisia zen, eta azken urteotan tradizio bilakatu den bezala, jaia ez zen bi ordutara mugatu, eta egun guztian zehar ekitaldiak izan ziren selekzio ofizialaren aldeko apustua berresteko. Horrela, partidak egunaren azken bultzada suposatzen zuen. Badirudi zenbaitetan garaipena baliagarriagoa dela ofizialtasuna aldarrikatzeko, nahiz eta ez den horrela. Argia da, ordea, San Mamesen pizturiko jaiak tunisiarren aldeko 0 eta 2koaren oso bestelako emaitza merezi zuela. Halere, porrotaren aitzaki izan daitezkeen elementuak ageri zaizkigu: talde afrikarra bere kontinenteko selekzio indartsuenetarikoa dugu, eta hastear dagoen Afrikar Kopa irabazteko faboritoen sorta hortan ezartzen dute. Bilbon jokaturiko partida txapelketa hontarako doiketa zen, eta uste baino gehiago zeukaten jokoan; eta batez ere, euskal selekzioak ez dauka barne koordinaziorik garatuta, eta hala, zaila gertatzen da Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri selekzionatzaileentzat bere gizonen arteko automatismo horiek aurkitzea. Ofizial ez izatearen oinazea deitzen diote askok aspektu honi. Denarekin, euskaldunak nagusi izan ziren markagailuaz kanpoko beste estatistika guztietan, eta beste ezeren gainetik, berdegunean utziriko sentsazioak oso postiboak izan ziren etxekoengan; zorte txarrak baino ez zuen ekidin euskal golak iristea.
Egun ederra izan zen. Eta adierazpen honek bere baitan ezkutatzen duenak inplikatzen du euskal selekzio honen problemarik nagusiena, izan ere, bizitzako lehia guztiekin gertatzen den bezala, oso zaila da intentsitatea mantentzea, eta egun berezi bat izateak urtean beste 364 hutsik geratzen direla inplikatzen du. Ez da ziur asko inoren errua, eta are gehiago, jende askoren lanaren ondorio heldu gara gauden egoera hontara: etxetik kanpora ere partidak jokatzen dira askotan, eta gizartean ofizialtasunaren aldeko mezua naturaltasunez zabaldu denaren sentsazioa dago. Halere, egunerokotasunak irensten duen lehia bat gehiago izatera pasatzen denaren sentsazioa dago gabonak igarotzen diren bakoitzean. Honek ez lituzte, edozein kasutan, esperantzak itzali behar, aldez aurretik galduriko partida baita era hortan planteaturikoa. Horregatik ederra da hipotesian barrena murgiltzea, eta gure buruari galdetzea gure mailak nora eramango gintuzkeen: munduko txapelketan ze aukera izango genituzke...?