Pista okertuko gurpilak
Iker Zabala
Euskal txirrindularitzaz mintzatzen garenean denok izango ditugu irudi berdintsuak dute oroimenean: Miguel Indurain 5 aldiz Pariseko podium horren gorenean. Edo Abraham Olano erlojuz kontrako munduko txapeldun bilakatzen. Oroimen motzagoa daukatenek beste lorpen batzuk izango dituzte gogoan, dexente apalagoak, baina era berean aipagarriak: Roberto Laiseka bere maillot-a txukuntzen Luz Ardinen-eko egun distiratsu hartan; edo Igor Anton, besoak zerura begira, Espainiako Vueltako Bilboko hiri etapan.
Bi gabezia nabarmen dituzte oroitzapen espontaneo hauek: lehenik eta behin gizonen lorpenak izan ditugu gogoan (nahiz eta agian norbaitek Joane Somarribaren lorpen apartak ere hartuko zituen kontuan) eta bigarrenik “txirrindularitza” kontzeptu zabalaren barnean errepide txirrindularitzaren eremu globalizatzailea baino ez dugu aintzat hartu, beste hainbat disziplina mamitsu gutxietsiz. Mintzatu gara gune honetan bertan ziklokrosak suposatzen dituen zailtasunetaz, eta gaurkoan beste bizikleta kirolari egingo diogu erreferentzia: pista txirrindularitzak hainbat arrakasta suposatu ditu euskal kirolarentzat, nahiz eta beti ere itzalpean geratu.
Kirol aberatsa dugu ezbairik gabe, modalitate ugari biltzen dituena bere baitan, denak era berdinean erakargarriak ikuslearentzat, belodromoetako pista okertuetan lasteketa ezin elektrikoagoak izaten baitira. Horrela, azkartasun probak izango genituzke zirraragarrienak: puntuazio probetako sprint-ek badaukate bere mamia, eta keirin, scracht edo omnium disziplinetan ere badago zerekin gozatu, bai banakako zein taldekako txapelketetan.
Guzti honen harira emakumeen pista txirrindularitzak euskal kirolari momenturik ederrenetako bat oparitu zion 2008an Beijing-en, kirolaren gune neuralgiko diren joko olinpikoetan. Leire Olaberriak brontzezko domina lepotik zintzilikatu zuen puntuazio kategorian eta euskal pista txirrindularitzaren gorena markatu zuen. Momentuz. Olaberriak ezarririko listoia goian dago, baina beste joko olinpiko batzuk izango dira udan. Beste arrakastaren bat lortzea erokeria litzateke?
Leire bera bere ibilbideko azken urteetan dago, kirolariak heldutze maila handiena duen urte horietan, eta domina lortu zuenetik hainbat lorpen ere izan ditu, tartean Europako txapeldun izan zen 2010ean omnium kategorian, eta 2011 igaro berri hontan estatuko errepide txapeldun ere bai (pista txirrindulariek errepidea ere hartzen baitute, begi bistan denez, erabateko eraginkortasunez, Leire Olaberriaren kasuan). Horrela, espektatibak positiboak izan daitezke lau urterik behin gertatzen den zita hortarako. Eta lortu ezean, ez dago zertan estutu, izan ere, lekukoa hartuko duenik badago euskal harrobiaren barnean, Ana Usobiaga bezalako pista txirrindulariak pedalei fuerte eragiten baitatoz.
Har ditzagun espektatiba hauek arreta gehiago merezi duen kirolaren aldarrikapen gisa.