Historiaren begietatik
Egungo gertakariek iraganekoekin erlazio handia izaten dute zenbaitetan. Aforismoaren entziklopedia hartuta, “Ezagutu dezagun nor izan garen, egun garena ulertzeko”. Hala, halabeharrak hainbatetan orainaldi eta iraganaren arteko elkarrizketa interesgarriak plazaratzen dizkigu, eta hausnarketa puntu mamitsuak lortzeari begira. Horrela, Bilboko Athletic Europa League txapelketako final zortzirenetarako sailkatu da, eta Manchester United talde boteretsuaren aurka jokatuko du hurrengo faserako txartela irabazteko lehia. Bi talde indartsuren arteko lehen mailako kirol norgehiagoka, ikuskizun politaren gonbitea. Baina beste adiera batzuk ere badadude, izan ere, nostalgiaren ateak irekitzen ditu kanporaketa honek.
1957ra joan beharko ginateke atzera. Futbola oso desberdina zen orduan, mundua bera ere dexente diferentea zen heinean. Egungo foko mediatikoetatik kanpora eraikitzen zen, nahiz eta hasiak ziren somatzen etorkizunean kirolak piztuko zituen pasioak. Horrela, Athletic eta Manchester-en bidea estreinekoz gurutzatu zen txapeldunen ligako final laurdenetan. Zurigorriak lehiaketa zoragarria egiten ari ziren, aurreko faseetan Portugaleko Oporto eta Hungariako Honved (Puskas mitikoaren taldea) kanporatu zituen, eta Manchester United zen bidean gurutzatzen zitzaion hurrengo erraldoia.
1957ko Urtarrilaren 16a Athletic-en historian gordeta dagoen egun handi horietako bat bezala gogoratzen dute Bilboko adintsuenek. Bi taldeak zelaira atera zirenean elur geruza txuri batek estaltzen zuen berdegunea. “11 baserritarren” taldea bezala ezagutua zena 'Piru' Gainza kapitainaren atzetik atera zen, eta britainarrei begietara begiratu eta buruz buru lehiatzeko borondate irmoa zeukaten euskaldunek . 5 eta 3 gailendu ziren zurigorriak magiaz beteriko egun hartan, eta final erdiak eskura zeudela ematen zuen.
Itzuliko partidak bortizki ireki zizkien begiak bizkaitarrei, halere, eta historiarako geratu zen bigarren zita hartan 3 eta 0 irabazi zuten ingelesek. Egun tamalgarrian inmortalizatuta geratu zen euskal jokalarien kemena, Carmelo Cedrun atezainak partida guztia lesionaturik egin zuelako, garai hartan ez baitzen aldaketekin jokatzen.
Kontuak kontu 55 pasa dira egun gogoangarri haietatik, eta gauzak izugarri aldatu dira. Athletic ez da aintzina izan zena, nahiz eta, zenbaitetan aipatu izan dugu, arrakasta ez den handitasuna neurtzeko parametro bakarra. Zor historiko hura kitatzeko aukera izango dute beraz egungo Athletic honen ordezkariek. Irabazten duenak irabazten duela, halere, kirolak elementu deportiboetaz gainerako osagaiak dituen gertakari horietako bat dela ezin ukatuko dugu.