Une onaren berrestea
Euskal errugbya momentu gozoan dagoelaren zalantza gutxi dago egun. Estatuko ohorezko mailan hamar taldetik hiru euskal ordezkarien datua nahiko adierazgarri bada, eta horri gaineratu behar zaio bai Ampo Ordizia eta baita Bizkaia Gernika ere taularen alde noblean daudela, 3. eta 4. sailkatuta, eta denborada bukaeran arrakasta lortzeko aukerekin. Beste ordezkaria, Getxo Arteak ere denborada ona darama, eta ez dirudi mailari eusteko arazo gehiegi izango duenik. Horri gaineratu behar bai Hernani eta bai Pegamo Bera Bera ere denborada zoragarria egiten ari dira Ohorezko maila B hortan, eta hurrengo urtean akaso handitu egin daitekela euskal ordezkari sorta gorenean.
Denarekin, ez da ligaren gainean artikulu honek proposatzen duen hausnarketa. Izan ere, kirolaren hazkundean beti dago haustura une bat, gauzak era definitiboan bide onean ezartzen dituena. Momentu horiek harrapatzea zaila izaten da, heldutasuna neurtzea interpretatiboa izaten baita, baina argi dago Errege Kopan Ampo Ordiziak eta Bizkaia Gernikak jokaturiko kanporaketak mugarria markatu duela euskal errugyaren barnean.
Final aurrekoa zen, joan eta etorrikoa, eta berdintasuna mugakoa izateko tankera guztia zegoen. Bi taldeek erregulartasun maila garrantzitsua adierazi dute denborada guztian zehar, eta gertaturiko porrotak oso lehiatuak izan dira beti ere bi taldeengan. Horrela, aurrera egiteko ederki sufritu beharko zutela barneratuta zeukaten bi taldeek. Joaneko partidan bizkaitarrek aurrera hartzen zutenaren sentsazioa zegoen, nahiz eta goierritarrek 14-0 arriskutsu hura 14-12 bilakatu bigarren zatian.
Horrela, itzuliko partidarako dena airean geratu zela esan genezake. Altamirako zelaia jaia izan zen egun hortan. Errugbya instituzio bilakatu duen herriak bete egin zituen harmailak eta hala talde gipuzkoarrak intentsitate maila egokia aplikatzeko panorama izan zuen hastapen hastapenetik. Hala, partida hasiera hobeak erabaki zuen lehia, eta atsedenaldirako 16-0ekoak oso aldeko jarri zituen gauzak ordiziarrentzat. Bigarren zatian sufitzen jakin izan zuten behar zenean, eta era egokian defenitzen aurkariak espazioa uzten zuenean, eta hala, bukaerako 26-12ak finalerako txartela eskuratzea suposatu zuen. Euskal derbya gainditu ondoren Kopa estreinekoz altxatzeko aukera izango dute gipuzkoarrek El Salvador-en aurkako partidan, eta horrela, 2004an Bera Berak irabaziko Koparen lekukoa hartu.
Bizkaia Gernikak, ordea, ligan jarri beharko ditu esfortzuak, oraindik ere badagoelako zer lehiatu. Hurrengo urtean Europan egoteko aukera izan dezakete oraindik ere basurdeek.
Azken ohar bat: berriro ere bi talde hauek ligako azken jardunaldian neurtuko dituzte indarrak Urbietako zelai gernikarrean. Batek daki euskal errugbyaren beste mugarri bat eraikiko den eguna izango ote den.