Berria zaharra bilakatzean
Elementu berriak lehen mailara pasatzeak beste batzuk itzalean geratzen direla inplikatzen du. Ez dago denarentzako tokirin gorenean, eta logikaren arau eztabaidaezin honek eremu guztiei egiten die eragina. Pertsonoi, eta baita tokiei ere.
Azken hilabeteetan asko hitz egin da Bizkaia frontoiaren inguruan. 3.000 pertsona hartzen dituen pilotalekua, frontoi kirolak modernotasunera eramango dituen eszenatokia, ametsen partidak gara daitezen testuinguru egokiena. Argazki ugari ikusi ditugu bertan azken hilabeteetan, bai pilotariena lehia zirraragarrietan, eta baita politikariena ere, elkarri eskua estutzen.
Horrela, hasieran aipatzen zen arauaren poderioz, beste frontoi batzuk beste maila batera pasa dira. Eta horren adibiderik garbiena Gasteizko Ogeta frontoia genuke. Esku pilotaren tenplo eztabaidaezina, 1979an eraiki zen, eta orduan ere, pilota beste eremu batetara eraman nahi zuen. Bizkaia frontoia bezalaxe, bere garaian ere Euskal Herrian zegoen pilotalekurik handiena, etorkizunak ekarriko zituen lehiaketetarako osagai beharrezkoa.
Ogeta zaharraren zikloetako bat, horrela, 2010ean itxi zen, hain zuzen ere ekainaren 20ean, Xala eta Martinez de Irujoren arteko lehian. Buruz burukoaren finala zen eta nafarrak mendean hartu zuen lapurtarra. Martinez de Irujok txapela jantzi zuen beraz, eta Ogeta frontoiak esku pilotaren beste orri bat idatzi zuen egun hartan.
Bada, egun hartatik 21 hilabete pasa dira partida ofizial batek berriro ere hiriburu arabarreko frontoi nagusia hartu duen arte. Ikuslego gasteiztarrak ia bi urtetan zehar La Blancako feriako exhibizio txapelketarekin konformatu behar izan du, enpresen, federazioen eta instituzioen arteko talkak tarteko zeudela. Horrela, expektazioz hartu zuen komunitate pilotazaleak igaro berri den martxoak 16eko lehia. Binakako ligaxka faseko partida xehea zen, finalen xarmatik aldendua. Olaizola II-Begino eta Xala-Laskurainek jokatzen zuten. Ilusioa somatzen zen arratsaldean, publikoak zoragarri erantzun zuen eta sarrerak agortu zituen pilotaren arima daukan tokiaren bueltatzea ikusteko. Olaizola eta Begino nagusitu ziren, eta harmailen orroak arnasez bete zuen hilabeteetan barrena pilotaz husturiko Ogeta. Zaleek, eta baita pilotariek ere, horren toki enblematikoaren itzulerarekin gozatu zutela aitortu zuten.
Denarekin, honek ez du ezer esan nahi. Partida hau Ogetan jokatu izanak ez du inplikatzen aurrerantzean regulartasunez lehia berriak emango direnik. Kasu gehiago ere izan dira azken urteotan, bazterturik geratu diren pilotalekuenak. Halere, inplikaturiko instituzio guztiek, Ogeta berreskuratzeko borondatea azaldu dute.
Ikusi behar zer den pilotalekuarekin gertatzen dena eta hemendik aurrera izango duen erabilera, baina hizpide dugun partida hontan ozen aldarrikatu zuen Ogetako zalegoak gertutik ikusten jarraitu nahi duela esku pilotaren ikuskizuna.