Mugak gainditzearen beharra

Iker Zabala

Disziplinak badaude euskal kirolarentzat erabat antzuak izan direnak. Motibo desberdinengatik euskal testuinguruak ez du azpiegitura egokia eskaintzen, eta Euskal Herrian hazten diren kirol horietako ordezkariek etorkizun beltza izaten dute. Horregatik, pozgarria izaten da, euskal protagonismoa hutsa izan den kirol horietan arrakastak behatzea, nahiz eta Euskal Herriarekiko erlazioa, kasu hontan bezala, oso tangentziala izan.

Garbiñe Muguruza Venezuelan jaiotako tenislaria dugu. Bere gurasoak gipuzkoarrak dira, eta euskal lurraldearekiko lotura estuak ditu Garbiñek txikitatik, nahiz eta egun Bartzelonan bizi den. 18 urteko neska da, eta ume zenetik, raketarekin abilezia berezkoa erakusten zuen. Badirudi heldutze unea 18 urte eskasekin heldu zaiola, balentria izugarria burutu baitu lehian izan duen bere lehen goi mailako txapelketan. Miamin jokatu berri den Masters 1000 lehiaketari mundu mailako ranking-eko 208. tokitik ekiten zion. Normalean halako sailkapeneko jokalariarentzat jada saria izaten da maila hortako txapelketan parte hartzea, are gehiago Muguraza bezala, 18 urterekin gertatzen bada. Halere, jarririko markak gainditzen joan da gipuzkoarra, eta final zortzirenak eskuratu ditu. Bere ibilbidearen tamaina puztu egiten da bere aurkariak aipatuko bagenitu. Bigarren txandan Vera Zvonareva errusiarrarekin egin zuen topo, munduko bederatzigarrena, eta iaz Wimbledon zein Estatu Batuetako irekiaren finalista. Pronostiko guztiak hautsiz bi set-etan hartu zuen mendean ezinean aritu zen Zvonareva. Sorpresarekin ez zen konformatu Garbiñe, eta anbizio zoragarriz, Flavia Pennetta, munduko 26.a ere irabazi zuen. Jada final zortzirenetan eztanda egin zuen burbuilak eta Agnieszka Radwanska poloniarraren aurka egin zuen tupust. Denarekin marka izugarria da Muguruzak lorturikoa Masters 1000 batean burutzen zuen lehen partaidetza zela kontuan hartuz gero.

kirolak 12 04 03

Etorkizun distiratsua dauka aurretik Garbiñe Muguruzak mundu mailako tenisean, eta hori albiste da euskal testuinguruan. Oihartzun minimoa lortu duten euskal ordezkariak, gizon zein emakumeetan, eskasak izan dira. Denoi otuko litzaiguke Alberto Berasategiren izena. Arrigorriagakoak bere garaian, 1994an hain zuzen ere, Roland Garros-eko finala erdietsi zuen, euskal tenisaren orrialde aipagarriena idatzi zen egunean. Ezin baztertu, jada emakumeetan, Nathalie Tauziat lapurtarraren lorpena. Winbledon-eko finalista, munduko zerrendaren hirugarren postura iristea lortu zuen 2000. urtean. Halere, bi izen ez da uzta aipagarriegia tenisa bezalako kirol historiko batetan. Ea Garbiñe Muguruzaren itxaropen arrastoak desegiten ez diren eta euskal kirolarentzat horren aipagarri ez diren disziplina horietan ere arrakastaren bidea irekitzerik badagoen.

Iker Zabala

2012, Apirila 03
Arloa: Kirolak