Bideak partekatzen
Lan desberdinen batuketak eragin positiboa izaten duela entzun izan dugu zenbaitetan, ondorio sinergikoak gertatzen dira, eta hala, bi langilek elkarrekin langile berdinek isolaturik baino etekin gehiago eragingo dute. Hauxe bera aldarrikapenaren eremura ekarrita ere antzeko efektua gerta daitekeela pentsa genezake akaso, eta ongi behatuta, hauxe izan daiteke ekainaren 23an Anoetan egingo den ekimenaren izpiritua.
Egun guztiko jaia izango den hontan, Euskal Herriko futbol selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuko da, eta ohi bezala, berdegunean egiten den aldarria baino bozgarailu ozenagorik ez dago. Erdiguneko ekimen izango den partidaren inguruan beste hainbat proiektu osagarri ere badaude, jaia eratzen lagunduko dutenak, baina beste ezeren gainetik kiroletik kirolera doan aldarrikapena den heinean, futbol partida bideratuko da ondoren, Euskal Herria eta Eslovakiaren arteko lehia. Eta puntu hontan jadanik matizazioa ezarri behar da, izan ere, lehiaren bereizgarria emakume selekzioak direla da. Hamaika Gara plataformaren antolatzaileek horrela, nesken kirola hautatu dute ofizialtasunaren aldeko lehia haragitzeko, eta horrela, bi eremuen arteko uztartzeak zabaltzen direla ezin ukatu. Akaso ez daude horren urruti emakume kirolaren duintasunaren borroka, eta selekzio nazionalak ofizial bilaka daitezen jende ugarik egiten duen lana. Bi eremu ixilaraziak, etengabeko itzalpean bizi direnak, eta bakoitzak bere kate propioak pairatzen baditu ere, egoera koiuntural hontan eskutik joan daitezkeenak. Horregatik horren ondo bateratzen dira bi aldarrikapenak Anoetako ekimen hontan, ofizialtasunaren aldeko hautua alde batetik, eta emakume kirolaren legitimotasun eta begirunea bestetik.
Agian Anoetan bilduko den jendea ezingo da San Mames-en gabonetan batu zen jendetzarekin alderatu; gizonen kirolak, futbolean are gehiago, interes publikoaren lehen maila osatzen baitu. Baina denok badakigu aldarrikapenaren ozentasuna ez dela bertaratzen den jende kopuruaren irizpide bakarrarekin neurtzen. Gizartea era zuzenean interpelatu nahi duen ekimen hau, beste balore batzuk sustatzen aitzindari izan daitekeen heinean, ez da zenbakiek adierazitakoaren zurruntasunarekin ebaluatuko. Hain zuzen ere oinarri baten eraikitzea suposatuko baitu, eta akaso, etorkizunean Euskal Herriko selekzioa beste partida batzuetan ikusteko aukera izango dugu, eta egunen batetan “futbola” entzutean ez da automatikoki “gizonezko futbolaren” adiera aplikatuko. Bienbitartean, bi auziek elkarrekin ibiltzen jarrai dezakete.