Bidean galdurikoa

Iker Zabala

Zenbat titular irakurri ditugu dagoneko garaien estuasunen inguruan? Mundua loturik daukan krisialdi ekonomikoak jada urteak daramatza bizimodua baldintzatzen, eta gure buruari lehen bazegoen dirua orain non dagoen galdetzen diogun bitartean, gauzak bidetik geratzen doaz. Eta halakoetan kirol ekimenak ez dira libratzen; are gehiago, erortzen lehenetarikoak dira, premia garaietan gehigarri gisa ulertzen baita kiroletan bideratzen den inbertsioa.

Horren adibideak, tamalez, ugariak dira Euskal Herrian, eta gaurkoan duela lau urte jaio zen apustu anbiziosoa izango dugu hizpide. Tenisaren gaineko zaletasuna piztea zuen helburu Bilboko Masters Tenis-ak. Ez zen inolaz ere ekimen herrikoia, ez eta partehartzailea ere, nahiz eta epe luzera euskal tenisaren maila hobetzeko xedez eraiki. Abenduro mundu mailako raketa esanguratsuak bilzen ziren hiriburu bizkaitarrean, eta aurretiazko fasean sailkatzen zirenekin osatzen zen koadroa (bertako klubetako tenislari gazteentzat aukera bikaina zen, beraz, Masters-ak eskaintzen zuena). Eboluzio luzea izan ez duen arren, urratsak nabarmentzen ziren: hasiera batean estatuko tenislariak baino ez ziren gonbidatzen, eta hirugarren urtetik aurrera irizpidea ugaritu eta mundu osoko jokalariak zeuden ordezkatuta; azken urtean eszenatoki aldaketa esanguratsua ere gertatu zen, izan ere, lehen urteetan Etxetxuako pabilioi eder baina zaharkitua izan bazen Masters-aren oholtza, Miribillako Bizkaia Arenak eman zion txapelketari bere heldutasuna. Horrela, iazko txapelketa hark, Gilles Simon frantziarrak irabazi zuen hark hain zuzen ere, markatu zuen etorkizunaren norabidea, eta lehen aldiz, ATP zirkuitoan sartu ahal izatearen esperantza piztu zuen, epe luzera gutxienik, Bilboko antolakuntzan. Ez da faktore hori txapelketarearen etetearekin zintzilik geldituko den bakarra, izan ere, Bilbon tenis zaletasun hori, sekula egon ez dena, pizten zioan gutxika gutxika.

Kirolak 12 06 10

Ez da behin betiko baztertu Bilbon orain arte bezalako txapelketa berriro ere martxan jartzea, baina urteroko periodikotasunak suposatzen duen inertzia galtzeak dena zailago bilakatzen du.

Murrizketa garaian horrelako ekimenak galtzeak ez dauka beste eremu batzuetan suposa dezakeen sentiberatasunik, baina egia da baita ere euskal antolakuntzen indargabetzea ere suposatzen duela, etorkizunean ireki zitekeen ateak itxita mantenduz. Ibilitako urratsak ezerezean geratzen direla behatzea tristea izaten baita beti ere.

Iker Zabala

2012, Ekaina 10
Arloa: Kirolak