Iragana, oraina, geroa
Mitoak sendo eta mugiezinak direla entzun izan dugu askotan. Denboraren iraganarekin eraikiriko instituzioak, toki zehatz batetako gizartean zigilu ezabaezina idatzi dutenak. Halere, izaera behin betiko horren gaineko matizazioak egin ahalko lirateke: berritu eta gaurkotzen ez den mitoa erdoildu egiten baita, eta horrela istorio hilak bilakatu bere baitan daudenak, hutsak, oroimenaren aukeraketa selektiboak egunen baten, inolako abisurik eman gabe, ezaba ditzakeenak.
Horrela, eta hausnarketa kirolera ekarrita, garrantzitsua da iraganean handi izandako instituzioek bere ibilbideak hornitzea, iraganeko fosil ez bilakatzeko. Honen harira Barakaldo futbol taldeko kasuaz mintza gaitezke. Kirol bizkaitarraren historikoa, 1917an sortua, eta bigarren, bigarren 'B' eta hirugarren mailen artean ibili izan dena, beti ere Ibaizal ezkerraldeko ordezkari nabarmen bezala mantenduz eta probintziako futbolaren harrobi gisa ere funtzionatuz.
Horrela, iazko denboradan zartada galanta jaso zuen bigarren 'B' mailatik hirugarren mailara jaitsiera gertatu zenean. Urte kaxkarraren eraginak kutsu tragikoa hartzen zuen; ez Barakaldo sekula maila hortara jaitsi ez delako (nahiz eta urte mordoa zeramatzan, zehazki 1988tik), baizik eta jaitsieraren kausetako bat klubaren egoera ekonomiko hauskorra ere izan zelako. Horrela, taldearen etorkizunaren gainean galdera ikur handi bat sortu zen, horrelako jaitsierak zailak izaten baitira iraultzen, eta egoera ekonomikoa ez baita onena ezegonkorra den diru zailtasuna gainditzeko.
Garai beltzak suertatu baziren ere, urte beteren ondoren panorma oso bestelakoa da Barakaldoko futbol taldearentzat. Hala, denborada bikaina burutu ostean, berriro ere bigarren 'B' mailarako igoera lortu dute Iñaki Zurimendirenek, brontzezko mailako estatusa berreskuratuz. Aguilas talde murtziarraren aurka izandako kanporaketa gogorraren ondoren bermatu du igoera Barakaldok, eta etorkizunera begira jartzeko itxaropen gehiago dauka orain.
Horrela, Bizkaiko eta Euskal Herriko talde historiko honek, bere eremu naturalean ibilbidea berritzen jarraitu dezake, mito bizia dela ozen aldarrikatu baitu egoerak gaindiezin zirudien unean.