Afizioaren sustatzea
Bere momenturik onenean ez dagoen kirola sustatzearen erronka ez da inolaz ere erraza izaten. Motibo anitzak tarteko daudela kirol batek gizarte mailan funtzionatzen ez badu konplikatua izaten da disziplina ostrazismo hortatik ateratzea, eta bere barneko kirolariei jarduna garatzeko eszenatoki egokia bermatzea. Horri gaineratu behar Euskal Herrian garatzen diren kirolek daukaten zailtasun gainezarria, antolakuntza bideratzeko aukerak murritzagoak suertatzen baitira.
Palaren jardunaz mintzatuko gara, eta bere egungo egoera ulertzeko frontoi kiroletan gertatzen den fenomenoaren inguruan mintzatu beharko ginateke; itzalen efektu bat gertatzen da askotan, esku pilotaren handitze progresiboak eragiten duena, gainontzeko frontoi disziplinak estaliz. Hala, elkarren artean anaiak diren kirolek interes estaltzeak eragiten dituzte nahi gabe, eta horregatik, pala bezalako kirol bati normala baino gehiago kostatzen zaio kontsumitzaileari, alegia, interesa izan zezakeen ikusle hipotetikoari heltzea. Interesa izango lukeen figura nabarmentzen da, zorionez palan aritzen diren jokalariak badaudelako Euskal Herrian.
Horregatik, palaren aldeko ekimen berri eta anbiziosoa sortu da, kirolaren eremu afizionatuan ezartzen dena. Kirol operadore baten antolakuntzaren babesean, eta Patxi Ziskar bezalako palista historiko baten partaidetzarekin garaturiko zirkuitoa da, eta innobazioa dago ekimen berri honen iturburuan. Lehenik eta behin normalean binaka jokatzeko joera hautsi egiten duelako, eta gizonak pala motzean banaka jokatzen jartzen dituelako. Bigarrenik, eta aspektu garrantzitsua ere badugu honakoa, emakumeen zirkuitoa ere suposatzen duelako. Kasu hontan goma paletarekin jokatzen dute eta binaka aritzen dira, baina nabarmentzekoa bada frontoi kiroletan nesken presentzia aldarrikatzeko borondatea. Hala, Euskal Herria herriz herri zeharkatuko duen pala afizionatuaren zirkuito honek frontoiak ahalik eta gehien betetzeko promozio kanpaina jarri du martxan, eta lehen pala partidek, Sopelako estreinalditik aurrera, lehen etekinak suposatu dituzte, ikusle kopuru onargarria bildu baitzen harmailetan. Ekimenaren gorena abenduan helduko da, urtean zehar jokaturiko partiden ondoren hasiko den Masters finalarekin. Lan asko dago egiteko ordurarte, eta esan bezala, goiz da oraindik egitasmoak izango duen inzidentzia neurtzeko.
Edozein kasutan, ezinhobea dirudi kirolaren suspertzea bilatzea profesionaletatik kanporako eremu mardul horretan, oinarria eraikitzeko erarik egonkorrena baita afizionatuen mailari erreparatzea etorkizuna bermatzeari dagokionean.