Ezin eta izan

Iker Zabala

Londreseko joko olinpikoak hasi diren honetan, kirolaren ikuskizuna izango dugu gozagai hurrengo asteetan, eta munduko kirolaririk onenak izango dira lehia bizian, domina distiratsuenen borrokan zein baino zein, historiaren liburuxka hortan bere izena urrezko tintaz idatzi nahiean. Gaurkoan, halere, beste joko olinpiko batzuei egingo diegu tokia, horrenbeste grina eta txinparta pizten ez dutenak akaso, eta jadanik interes guztia itzali dela ematen duen unean hasten direnak. Joko paralinpikoetaz ari gara, izan ere, Londreseko edizio hontan, euskal ordezkaritza zabala izango da. 9 izango dira hiriburu britainiarrera joango direnak arrakasta bila, eta bakoitzak istorio pertsonal boteretsua badauka ere, Richard Oriberen ibilbidea plazaratuko dugu ahalegin paralinpikoaren zutabe gisa.

              kirolak 12 07 28

Donostiarrak garun paralisia pairatzen du, inplikatzen dituen oinazeekin, baina horrek ez du ekidin igeriketaren alorrean arrakastak erdiestea. Azken hogei urteetan ekinaren ekinaz makina bat garaipen eta domina lortu ditu, eta horren atzean etorri diren izendatze eta sariak ezintasunen mugak hautsi daitezkeela erakutsi izanagatik. Sari zerrenda luzea daukan heinean, joko paralinpikoetan lortu dituenak baino ez ditugu aipatuko: 14 domin orotara, haietako 9 urrezkoak. Horrela, kirolaren alorrean dena lortuta daukanaren ziurtasunarekin joango da gipuzkoarra abuztu bukaeran hasiko den txapelka sortetara. Halere, aurtengoak adiera berezia izango du Oriberentzat, izan ere, 38 urterekin, bere azken jokoak izan daitezke. 1992an Bartzelonan lehiatu zituen bere lehen lasterketa olinpikoak, eta 20 urteren ondoren, seigarren partaidetza izango duen hontan, ziklo baten ixtea suposa dezake Londresek. Horregatik, domina sorta handitzeko grina nabarmena da esfortzuaren osagaia denborarekin ahaztu ez duen kirolariarentzat.

Abuztuaren 29tik aurrera jakin ahal izango dugu zein izango den Oribe eta gainontzeko euskaldunen patua. Ezinaren mugak dastatu dituzten kirolariak dira, bizitzaren alderdi gordinak behatu dituztenak kasu gehientsuenetan. Bide propioa aukeratzeaz gainera, bidea bera eraiki behar izateak duen balioa onartzeko garaia badugu.

Iker Zabala

2012, Uztaila 28
Arloa: Kirolak