Muga ikusezina

Iker Zabala

Kirolak bere baitan dituen osagai guztiak behatzen ari gara egunotan, joko olinplikoek plazaratzen duten zirraren eskutik. Luze hitz egin ahalko litzateke lehiaketek eskaintzen dituzten aspektu ugari eta aberatsetaz, eta zenbaitetan ematen diren egoerek inplikatzen duenaz. Kirolaren maxima bezala interpretatu beharra dago garaipenaren eta porrotaren artean dagoen muga txikia. Irabazi eta galdu: txapelketaren, jokoaren, bizitzaren kontraste nabarmenena. Jakina, bi hitz absoluto horien artean grisen gama zabala da, bakoitzaren perspektibaren araberakoa. Denarekin, hausnarketa interesgarria bidera daiteke azken egunotan euskal piraguismoarekin gertatu denaren gainean. Belaunaldi boteretsua dago pala eta piraguaren kirolean eta hala, hiru palista azaltzen ziren podium aukerekin ordezkari euskaldunen artean, ur bizien eremuan.

Ander Elosegi esperantzaz iresten zen Londreseko zitara. Azken garaietan lorturiko arrakastek itxaropentsu azaltzeko argudioak erakusten zituzten, eta Irungo palistak horrela, dominen podium hortara igotzearekin egiten zuen amets, eta finalean txukun aritu zen gipuzkoarra, baina ez zen ordea nahikoa izan, eta laugarren postuan sailkatu zen Elosegi. Gainontzekoen maila nabarmendu behar jakina, baina bada beste datu bat istorioaren puntu hontan mahaigaineratu beharrekoa. Beijingeko jokoetan, 2008an, laugarren postuan ere sailkatu zen Elosegi. Garai hartan ondo hartu beharra zegoen: bere lehen parte hartzea zen, 21 urte eskasekin, eta garaipen gisa ulertu zen euskal kirolaren barnean, etorkizunerako kirolari proiekzio izugarria adierazten zuen gaztearen zeinua. Oraingoan, bestalde, patuaren beste adarjotze bat bailitzan hartu du Elosegik sailkapena. Laugarren postua, txokolatezko domina ironikoa, kirolean nekez aurki baitaiteke zapore garratzagorik. Joko olinpikoek azaltzen duten aspektu krudelena bestalde bere puntualtasuna da, arantza kentzeko 4 urte igaro behar baitira.

                kirolak 12 08 03

Arantza mingarri hori barrenetik ateratzea lortu duen piragualaria Maialen Chourrout dugu ezbairik gabe. Beijing-eko 2008 txapelketak ezinaren aztarnak utzi zituen Lasarteko kirolariarengan, aurreneko sailkapen txandetan erori baitzen. Horrela, Londreseko txapelketa gorriz markaturik zeukan aspaldi gizpuzkoarrak. Horrela, urte hauetako entrenamenduek azkenik bere fruitua eman dute Chourrautentzat, eta hirugarren postua erdietsi ondoren, brontzezko domina golkoan duela bueltatu da Euskal Herrira. Kasu hontan ere, halere, eta kirolari orok bere buruari ezartzen dion ikuspegi autokritikoari jarraiki, bainaren bat aurkitzerik badago. Brontzeak gorago iritsi ahal izanaren atea ere zabaltzen duelako, eta hala, urrezko domina lortzetik segundu batetara geratu izanak zer pentsatua ematen dio Londresetik itzuli berri den Chourrauti.

Bizitza birika dagoen txanpona balitz, arrakastaren eta porrotaren ikonoak lirateke ziur asko Chourraut eta Elosegi hurrenez hurren. Halere, badakigu denok etengabeko lasterketa dela bizi duguna, eta horregatik, bere ibilbide profesionalean lorpen berriak garatzeko lanean jarraituko dute biek. Hurrengo geltokira iristeko palakada asko eman beharko baitute: 2016ko Rio de Janeiroko joko olinpikoak.

Iker Zabala

2012, Abuztua 03
Arloa: Kirolak