Erorketa bakoitzaren ondoren altxatu

Iker Zabala

Jarduera batetako protagonista izatetik historia izaterako ibilbidea ez da inolaz ere nolanahikoa. Teknikoki ez dago zertan arrakastaz bete dugun eremua utzi historiko bezala hartua izateko, baina egia da bizitzako kapituloak itxi egiten direnean soilik daukagula atzera begiratzeko gaitasuna eta lorturikoaren azterketa burutzeko arreta.

Eneritz Iturriagaetxebarria euskal bizikletaren gainean figura handia izan dela ukatuko duenik ez dago. Hasiera batean Joane Somarribaren itzalpean ezartzen zen txirrindularia, gutxika gutxika bere lorpen zerrenda puztuz joan zen, azkenik palmares ona lortu duen arte. Bere lorpenak nabariak dira, tartean Espainiako lau erloju kontrako txapelketa irabazi ditu, edo emakumeen bira bat, arrakasta izendapen luze baten barnean. Bere erretiroa azaldu du duela gutxi, 32 urterekin, printzipioz kirolariaren heldutze urteak direnekin. Izan ere, Eneritz Iturriagaren ibilbildea ezin daiteke aztertu lesioen aspektua nabarmendu gabe.

kirolak 12 10 01

Sentsazioa dago, orain, dena bukatu denean, Eneritz Iturriagak bere kirol mailan kalitate salto bat emateko unea aurkitzen zuenean zorte txarra azaltzen zela lesioaren itxura hartuta, berriro ere abadiñoztarra zerotik hastera behartzen zuena. 2004ean, Giro eta Tour itxaropentsuak burutu zituen urtean, Gaztela Leoiko biran erori egin zen eta aurpegian kolpea hartu. 50 puntu jaso zituen eta juxtu juxtu iritsi zen Atenaseko joko olinpikoetara. Lesio mingarri hura, halere, edozein kirolariren jarraikortasuna zalantzan jarriko zuen zerrendaren lehena izan zen. Hala, sabel problema etengabeen ondorio, zeliakoa zela jakin zuen. Eta arazo fisikoen gailurra klabikulekin komeriak izaten hasi zenean iritsi zen. Zenbaitetan zorte txarrak ironiaz jokatzen zuela pentsa daiteke, izan ere, Frantzian erloju kontrakoa burutzen ari zela katu bat bidean gurutzatu eta erorketa lazgarria pairatu zuen Iturriagak. Klabikula lau puskatan hautsi eta hilabeteak igaro zituen ohean bizkaitarrak. Ondoren lesio gehiago iritsi ziren, ia denborada bakarra normaltasunez ezin burutzeko moduan. Halere, garaipen berriak lortzeko grina ez da sekula desagertu Iturriagaren burutik, eta horrek ahalbidetu izan dio, urteetan barrena, erorketa bakoitzaren ondoren zutik jartzea, berriro ere eskuak altxatzea helmuga lerroa zeharkatzeaz bat.

32 urterekin, esan bezala, erretiro goiztiarra izan du Eneritz Iturriagaetxebarriak. Atzean geratzen dira lorpenez beteriko arratsaldeak, euskal txirrindularitzaren historian idatziriko orriak. Belaunaldi berrientzat utziriko mezua, palmares distiratsuaren ondoan, kirol eta kemenaren artean dagoen erlazio hertsia da.

 

Iker Zabala

2012, Urria 01
Arloa: Kirolak