Munduaren gailurrean
Badira kirolak bereziki euskaldunak ez direnak. Tradizio, azpiegitura eta kirol usadioetan tokia hartu ez dutenak, eta euskal lurraldean apenas oihartzunik sortzeko gaitasun gabeak. Zenbaitetan, halere, zuziria balilitzan argi distiratsua piztu egiten da iluntasunean eta ekimen hortako eremua irauli. Itsaso erdian agertzen den irla nimiñoa bezala. Golfarekin gertatu dena, esaterako, eredu argia da.
Euskal Herria ez da eremu bereziki golflaria. Nahiz eta zelai batzuk esistitzen diren, puntako kirolaririk sortzeko uztarik ez da nabarmen azaldu. Salbuespen batekin, jakina, Jose Maria Olazabal hondarribitarrarena, mundu mailako golfaren ordezkari, arrakasta nabarmenak lortu dituena; bertan aipatu behar Augustako Masters-ean lorturiko bi jaka berdeak, goi mailako jokalariek baino lortu ezin duten txapelketa.
Urteak dira Olazabalen azken garaipen nabarmenenak gertatu zirenetek, iragan mendean, 1999an hain zuzen ere. Ordutik, nahiz eta gipuzkoarrak beste hainbat txapelketa irabazi baditu ere, bazirudien bere ibilbideko urterik onenak iraganak zeudela. Halere, 46 urterekin golfak beste poztasun bat ekarri dio Olazabali, izan ere, Europako selekzioaren kapitain izatea egotzi zioten Ryder Cup txapelketa entzutetsuan. Golfaren eremuan dagoen txapelketarik historikoena, Europa eta Estatu Batuak bi urterik behin lehiatzen dituena. Hala, aurtengorako estatubatuarrak faborito ziren, tartean etxean jokatzen zutelako, Illinois-en. Egunak pasa ahala abantaila “green”ean gauzatzen hasi zen, eta azken jardunaldia iritsi zen hala. Bertan, historiarako pasa zen egunean, europarrek emaitza irauli eta lehiaketa bereganatu zuten.
Egia esan, aurtengo txapelketa zirraragarriak ezustekoa suposatu du, Olazabalen ibilbide distiratsuari ginda jarri baitio. 46 urterekin kirolak eman ziezaiokeen pozik handiena eman dio euskal golfaren ordezkari handiena izan denari. Kirol hontan luzaro joka daiteke, baita goi mailan ere, esigentzia fisikoa horren nabarmena ez den heinean, baina halere, argi dago hondarritarra bere ibilbidearen azken txanpan dagoela. Hala, kapitaintzan erdietsi duen azken garaipen honek balore sinboliko nabarmena dauka, izan ere, Olazabalen kirol bideari omenaldia egiten dio. Esan bezala, 13 urte igaro dira bere azken “handia” irabazi zuenetik, eta halere, lesioak ere tarteko izan direla, nekaezin jarraitu du bere pasioaren jorratzean. Olazabal berak aitortzen zuen bezalaxe, egunero lehiakortasunean aurrera urratsak emanez, nahiz eta aintzina lorturiko kirol maila atzean geratu.
Patua zenbateraino izaten den bidegabe aipatu egiten dugu askotan. Gehiegitan akaso. Bada, ederra da behatzea nola zenbaitetan bideen bukaeran ezuste positiboak ere aurki daitezkeen.