Mendirako bidea zehazten
Ekimenen maila determinatzeko neurtze faktore ugari daude. Errazena zenbakien diktadurak agintzen duenaren norabidea errespetatzeko joera litzateke, are gehiago, neurketa enpirikoak erabiltzearen usadioa nahiko kirolaria dela esan genezake. Hala erabakitzen da, kirol gehientsuenetan, garailearen nortasuna: gol gehien sartzen dituenak irabazten du beti futbol partida. Logika berdintsua lehiaketaren maila epaitzera estrapolatuko bagenu, zenbakiek adierazten diguten juzkua egin beharko genuke. Txapelketa batek munduko zerrendetako lehenak bere baitan baditu lehiaketaren “maila” hori are gehiago puztuko litzateke. Edo lasterketa batetan iazko edizioan baino denbora hobea lortzeak ere txapelketa “hobea” izan dela ere iradoki dezake.
Bada, zorionez, batzutan zenbakien tirania horrek markatzen duen araudi zorrotza hausten duten antolakuntzak ere badira, ohartu gabe panorama aniztu egiten dutenak.
5. edizioa zuen aurten Anboto Kilometro Bertikalak, mendi lasterketaren eremuan geroz eta izen nabarmenagoa hartzen doan proba, batez ere Anboto mendiak eskaintzen duen paraje liluragarriari esker. Aurreko lau edizioak Brinean mendi elkarteak antolatu zituen, beti ere probaren eszenatoki zen Atxondo inguruetako biztanlegoaren kriterioak aintzat hartuta. Probaren izen ona baliatuta, atzerriko mendi korrikalari leihakorrak erakartzeko saiakera burutzen zuen antolakuntzak, eta hala, Atxondo inguruak Europako korrikalariz betetzen ziren, Anboto Bertikala ikuskizun paregabe bilakatuz. Esan bezala, hori orain arteko joera zen, baina 2012ko hau Atxondoko udaleko ordezkariek antolatu dute, hala mendi erakundeari erreleboa hartuz. Eta orain arte bezala, biztanleriaren pultsoa behatzera jo zuten, eta aurkitutako erantzuna argia izan zen: probak herrirako jai aitzakia suposatzen zuen, eta hala, herritartasunean jarri behar zen enfasia, lehiakortasunaren bila ibili beharrean. Horrela, udaleko ordezkariek hartu zuten erabakiak ez zuen zalantzarik izan. Mailako mendi korrikalariak etortzen baziren, inongo arazorik ez, baina esfortzurik ez zen bideratuko punta puntako ordezkari horiek Arrazolan, lasterketaren hasieran, egon zitezen. Hala, lasterketaren beste aspektu batzuk indartzean inbertitu dira indarrak.
Aurtengo irabazlea Aritz Egea izan zen gizonetan, eta podiumeko beste ordezkariak ere, euskaldunak izan ziren. Nesketan ezin berdina esan, Extremadurara joan zen txapela, Vanesa Ortegaren garaipenaren ondoren. Aurreko urteetako markak ez ziren berritu, baina urtero bezala, Anbotoren oinarri zein gailurrean jai alaia izan zen, kirola aisialdi eta ikuskizunerako aitzaki gisa baliatzen baita. Esfortzu ekonomikoak maila nabarmeneko atletak ekartzen ez bideratzeak aukera alferrik pasatzen uztea dela esango dute batzuek akaso. Anboto Kilometro Bertikalak, ordea, inguruaren onuran eragitearen beste zigilurik ez du, eta apaltasun horrek ematen dio ezbairik gabe bere nortasuna.