Iraganeko mitoak

Iker Zabala

Garai arinak dira bizi ditugun hauek. Arinak zentzu guztietan: azkar pasatzen dira, eta atzo gertaturikoa sekula baino urrutiago dago, “orain” gertatzen denaren garrantzi absolutoa gauzatuz; eta arinak, bestalde, ikono eta sinboloak etengabe berritzen direlako, protagonista eta garaien definitzaileak erraz agertu eta era berean desagertu egiten baitira. Panorama honekin geroz eta nekezago begiratzen da atzera, garaiek beste logika baten funtzionamendua zeukaten unera. Hala, nostalgikoentzako abagunea izan da Orozketako igoera, Iurretako herrian. Bertan izan dira, egungo beste hainbat txirrindularirekin batera, 80. hamarkadako protagonista izan ziren Marino Lejarreta eta Julian Gorospe. Txirrindularitzaren etapa alaia izan zen, garaipenetan alternantzia handikoa, eta hala bi puntako kirolari hauek bere txokoa bereganatu zuten hainbat itzuli handitan, eta ondorioz, euskal kirolaren historian.

kirolak 12 11 07

Bi bizkaitarrak probaren hastapen lerroan ikusita, une batez 25 urte atzera bueltatu izanaren sentsazioa izan zuten bertaratutakoek. Urteak igaro izanaren sintomak ezin ezkutatuta, kiloek eta ile zuriak ematen duten esperientzia eta xarma soinean, maldan gora abiatu ziren bi txirrindulari ohiak, bere garaian izan zuten lehia zirraragarri horietako batetako kapitulo berri bat idatzi nahi izango balute bezala. Txapelketan ere baziren euskal txirrindularitzaren lekukoa hartua daukaten Beñat Intxausti edo Koldo Fernandez de Larrea bezalako izen egonkortuak; are gehiago, egungo kirolarien taldeak laster utzi zituen beteranoak atzean, baina protagonismo nostalgikoa bi zaharrengan zegoen, zalegoaren horrenbeste arratsalde bete zituzten Lejarreta eta Gorospek elkarren artean zeukaten lehian. Bukaera lerro ofiziala baino dexente beherago espresuki jarririko marran (urteen pisua nabaria baita Orozketa bezalako maldaz ari garenean), Julian Gorospe sartu zen lehena Lejarreta atzean utzi zuen sprint-a burutu ondoren. Garaipenak ez zeukan balore praktikorik, jakina, eguneko arrakasta bakarra Aitor Galdos lehiaketaren garailearena izan zen; denarekin, beste balio mota ezberdina izan zuen norgehiagokak euskal kirolaren ziklo garailea ekarriz orainaldira, errepideko bi gladiadore klasikori eginiko ezusteko omenaldia. Iraganaren atea zabaltzeak zenbaitetan zapore gozoa izan dezakeenaren erakusle izan zen.

Iker Zabala

2012, Azaroa 06
Arloa: Kirolak