Amildegiaren sakontasuna
Pareta amaigabe baten aurrean sentitzen denaren sentsazioa nekez heda daiteke. Amildegian behera erortzeak gorputzean sortzen duen zirrara trasmititzean hitzak labur geratzen dira ezbairik gabe, muturreko egoera horietakoa baita, narrazio onenak ere ordezkatu ezin dezakeena. Horrela, urteetan barrena irudien euskarriaren bitartez ahalegindu dira kirol extremo hauetako ordezkariak bere balentrien lekukoak aurkitzen. Hala, mendi baten inmentsitatearen aurrean sentitzen dena deskribatzeko bidailagun ohikoa izan da argazki kamera. Tresna honek, erronkak munduarekin partekatzeko aukera eskaintzen zion mendizaleari, paraje eder eta arriskutsu horien aurrean bizitakoa bateratzeko posibilitatea.
Hala mintza gaitezke irudi izoztuaren mitikaz: tentsio handiko une konkretu batetan bizitakoa irudi soil baten sintetizatzen duen euskarria; nahi bada, inpresionismo piktorikoak horren luzez bilaturiko instante puntual horren gailurra. Bada, alderdi ez horren positiboa ere badu argazkiak: irudi izoztuaren elementutik tiraka, hotzak suertatzen dira zenbaitetan. Irudiaren euskarria soilik planteatzen duten heinean, biziriko tentsioa era gordinenean islatzen ez dela ere esan genezake. Soinua eta mugimenduaren elementuak horrela bideoaren bitartez erantsiko lirateke. Baina oraindik ere sakonago joan gaitezke, teknologia berriek irekitzen duten atea baliatuta. Horren islada izango da Iker Pou eskalatzaileak biziriko abenturaren pelikula.
Gasteiztarrak Tarragonako Margalef mendian dagoen Nit de Bruixes bidea burutu zuen, lehen aldiz 2006an aurkitu zenetik. 25 metroko infernua, pareta baino sabaia litzatekeena. Arabarrak ibilbide gehientsuena atzamar bat edo bitatik zintzilik eman zuen, bere gorputzeko pisu guztia sostengatuz. Erronka gogoangarria, lekuko ezohikoa izan zuena. Jordi Canyigueral-en kamerak hartu zuen Pouren bidea, eta hala, plazaratzear dagoen filmea diseinatu zuen. Lehen hizpide genituen tentsio osagai guzti horiek pantailaratzeko, teknologia berriek ikusentzunezkoan eman duten azken sorkuntza ere erabil daiteke, alegia sakontasuna. 3 dimentsiotan izango da eskuragarri eskalatzailearen arrakasta. Horrela beste dimentsio batetara, kasu hontan literalki, hedatuko da hormatik zintzilik egotearen sentsazioak pizten duen adrenalina.
Emaitza definitiboa behatzeko abenduaren 20rarte itxaron beharko dugu, egun hortan estreinatuko baita Bilboko Mendi jaialdian. Denarekin, kirol materialaren sorkuntzan urratsa aurrera egiteak suposatzen duen ausardia aitor dezagun.