Jokoa barrenetan
“Zer da goitik ikusitako txapel bat? Euskaldun bat. Eta zer dira goitik ikusitako bi txapela? Apustu bat”
Txiste zaharrek zenbaitetan irrifarrea eragiteko baino gehiago ere balio dute, eta hala, gizartearen gainean dauden topikoen gaineko argibideak ere badira, jende multzoen gaineko uste hedatuak, zenbaitetan parodiaren erdigune diren gizarte hortan bertan zabalduak. Bada, euskaldunak apustu zalea izatearen zama darama bere bizkarrean. Eta aitortu behar kirol jaduerak izan direla, hamarkada eta mendeetan barrena apustuen erdigune, desafio ekonomikoen eszenatoki. Ez da inolaz ere arraro, bai aintzinako garaietan, eta baita garai modernoagoetan ere, herri kirolen inguruan lehiak bizitzea, bai kirolarien aldetik, baita kirolarien inguruan ezartzen ziren ikusle horien partetik ere.
Apustuaren fenomenoa bere zainetan daraman jarduera esku pilota ere izango genuke, telebistan partida bat instant batez entzutea baino ez da behar harmailetan dabiltzan apustu kudeatzaileen deiadar ozenak behatzeko. Apustu handi edo txikiak, zenbaitetan familiaren baserria jokoan jartzen zuten kasuak entzun izan dira, ikusle huts izatetik jokoan zerbait propioa izatearen pipermina erantsi nahi dioten joko inozenteak beste askotan.
Bada, apustuaren gaineko joerak denborarekin ez dira inolaz ere apaldu, dirudienaren arabera, izan ere, biztanle euskaldunak sekula baino apustu gehiago burutzen ditu egunotan. Egia da teknologiaren hazkundearekin XXI. mendeko apustuaren eskuragarritasuna erabatekoa dela, eta nahi izanez gero, etxetik atera gabe ere bidera daitezkeela norberaren dirua jokoan jartzeko jokoak, edo euskal gizarte bizitzaren horren toki ohikoa diren taberna ugaritan ere badaudela makina horiek, euro bat 5, 10 edo 100 aldiz biderkatzea ahalbidetzen digutenak.
Datuz hornitze asmoz, Eusko Jaurlaritzak 2012an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan erregistraturiko apustu kopurua 6 milioitik gorakoa da, eta joko gehientsuenak tabernetan egin zirela dio estatistikak. Iruzkin nabarmen asko egin daitezke datu soil hauetatik: krisialdi ekonomikoaren hatzaparrak etengabe adierazten diren garaietan, dirua, gutxi izanda ere, jokoan jartzeko joera geroz eta nabarmenagoa da.
Dirua arriskatuz diru gehiago erakarri nahi duenaren jokabidearen juzkua egitea ez da lerro hauen helburua, izan ere, apustuak bere gain izan zezakeen konnotazio txarrak desagertzen joan direla ere ematen du. Baina bai komeni da apustulariaren lehen araua ez ahaztea, gure xoxak tabernetako makinaren zirrikitutik horren erraz bota aurretik.
Datuek adierazten duten gisan, sarietan irabaziriko kopurua eta apustu etxeek irabazitako kantitateak urruti ezartzen dira (ez da argibiderik behar noren aldeko abantaila gauzatzen den adierazteko). Apustuen testuingurua aldatuko zen akaso, eta klik soil batetara egon daiteke dirua biderkatzeko aukera, baina gauza bat sekula ez da aldatuko: Banka beti irabazle...