Historiaren istorioak
XXI. mendean kirol leiendaz horniturik gaudela esan genezake. Mila txapelketa, protagonista eta egun magiko, mila istorio eta pasadizo. Ezerk ihes egiten ez duen begiz beteriko gizarte ultramodernoan etengabe berritu egiten dira informazio liluragarriak, eta horrela, gaur mitikoak bilakatzen diren gertakariek, akaso bihar gertatzen denaren itzal bapatekoa paira dezakete. Horregatik ona da zenbaitetan atzera begiratu eta iraganaren leiendak behatzea, egunerokotasunak ikusten uzten ez dizkigun horiek. Eta horrela begien aurrean ditugun kirolaren mitoak azalduko zaizkigu. Hormigoi eta zelaiz osaturiko mitoak akaso.
Bilbon urte arraroa da 2013an hasi duen hau. Hiriaren enblema bilakatu den San Mamesek agur esango du denborada bukatzean, eraitsia izango baita, ondoren fenix hegaztiak bezala errautsetatik bertsio hobetu bilakatzeko. Bizitzaren araua da zaharra berriagatik ordezkatzen doala etengabe, baina horrek ez du esan nahi zaharrak zeukan xarma eta lilura desegin behar direnik. Horrela, aurtengo denboradak nolabaiteko atzera kontaketa ixila suposatzen du, etengabe efemeridearen eremuan ezartzen diren kasuak aipatuz: “San Mamesen jokatuko den azken partida kontinentala”, edo “Katedralean lehiatuko den azken euskal derbya”.
Bizitza luzea izan du horrenbeste arratsalde beroren eszenatokiak: 1913an irekia, mende bat bizitzera ez da ozta ozta ailegatuko, baina bere mendeurrena horren gertu duen ibilbidean Athletic-ek lorturiko titulu guztiak izan ditu bere barnean, inolako salbuespenik gabe, eta zergatik ez, klub bilbotarrak egun duen izena eta izanaren funtsetako bat bilakatu da. Ehundaka izan dira bere berdegunea zapaldu duten punta puntako jokalariak, eta bere barneko zalegoak, izarra jokalari xehe artean bereizteko dohai horrekin, gehinei egin die omenaldi.
Azken elementu hau mahai gainera datorkigu San Mamesek akaso etxekoa ez zen talde batetako jokalari bati emandako azken txalo zaparradaren harira. Manchester United zen bisitari berdegune bilbotarrean, Europa Leaguen Athletic-ek eginiko kanporaketa miragarri hartan. Bigarren zatiaren erdialdean Ryan Giggs jokalari galestarra aldatu zuen talde ingelesaren entrenatzaileak. Solemneki zutik jarri ziren harmailetako zaleak eta txaloz agurtu zuten erdilaria. 38 urte zituen orduan galestarrak, eta duela gutxi baieztatu egin da beste urte batez jarraituko duela Manchesterren, gutxienik 40 urte dituen arte.
Uztartze ederra izan zen, edozein kasutan Bilboko gau magiko hartan eman zena. Hormigoizko leienda batetik haragizko jokalari legendario bati eginiko omenaldi sentibera. Itzaltzen ari ziren bi izarren arteko elkarrizketa sakon eta ederra.
Esan bezala, urte nostalgikoa da Bilbon bizi den hau. Athletic-en zalegoak hunkituta eta erruduntasun puntu batez egiten dio San Mames zaharrari so atzera kontaketa buruan duela. Urteetan zehar bere balioaz jabetu gabe hor egon den lagun fidel eta abegitsua bailitzan. Egia da San Mames Barria hortxe egongo dela, are gehiago, egungo San Mames-en enplazamendu berdintsua izango duela, bere arima nolabait bertan sartu ahalko balitz bezala.
Handiagoa izango da eta prestazio hobeak izango ditu, baina ez da berdina izango. Baina akaso beste leienda baten sustraiak jaio daitezke hazi berri hortatik.