Burdinezko gizona

Iker Zabala

Non daude giza naturaren mugak? Noraino irits daiteke gizakion gorputza gainbera etorri gabe? Galdera hauen erantzunak jakina, kasuan kasu eta gorputzetik gorputzera oso ezberdinak izan daitezke, eta akaso, gutako gehientsuenok ez ditugu inolaz ere gure baliabideek eskaintzen dituzten mugak ezagutu ere egiten, baina bada norberaren ahalmenak muturreraino eramaten jarduten duenik, giza barrenak suposatzen duen eremu aberatsa ikertuz.

Eneko Llanos triatleta arabarrak urteak daramatza munduko lasterketetan lehiatzen, uretan, bizikletan eta korrika kilometroak irensten eta zenbaitetan helmuga besoak altxaturik dituela igarotzen. Horren adibide egunotan irabazi duen Melbourneko lasterketa, Llanosek gogokoen duen espezialitatean jorratzen dena: Ironman-a. Munduko jarduera gogorrena bezala definitua, kirolariaren erreserba indarrak xahutzen dituen proba da, bere baitan 3'86 kilometroko igeriketa, 180 kilometroko txirrindularitza eta 42,2ko korrikaldia hartzen dituena. Doiketa fisiko erabatekoa esigitzen duen proba da, triatloiaren barnean, eta Melbourneko proba hontan, urrutira joan gabe, 7 ordu eta 36 minutuko denbora markatu zuen Llanosek.

Hasiera batean fin aritu ez bada ere, horrelako proba luze eta gogorra lehiatzeak duen abantailarik nabarmenena erreakzio tarte handia dagoela da, eta horrela, gasteiztarrak bere legea inposatu du maratoiaren eremuan, Australian lortu duen lehen garaipena eskuratuz.

kirolak 13 03 26


Ironmanaren disziplina hontan bere izena jorratua dauka jada gasteiztarrak, izan ere, 2007an Lanzaroteko txapelketa irabazi zuenerako, Ironman proba ugaritan emaitza onak lortu zituen, triatloiaren beste hainbat txapelketetako lorpenetaz gainera. Horrela, ordutik lorpen nabarmenak izan ditu, eta 2013a bere urtea izan daitekeela berresteko Ironman probaren jaiotza eta egungo gailurrik nabarmena dauka begiz jota: Hawaii-ko uhartea, Pazifikoaren erdian, bertan egiten da urtetik urtera munduko txapelketa, eta jardueran dauden kirolari lehiakorrenak izaten dira.

Llanosek oroitzapen gazigozoak ditu probarekiko, izan ere, 2008an bere kirol ibilbideko gailurretako bat lortu bazuen ere bigarren postua eskuratuz, azken urteetan ez du emaitza onik lortu: iazkoan ez zuen parte hartu, eta 2011koan helmuga zeharkatu gabe geratu zen, ez baitzuen lasterketa bukatu.

Horrela, urriko txapelketa hortan lorpen handia egitea da Llanosek bere gain hartzen duen ardura. Zailtasuna, izugarria, erabatekoa. Denarekin, ondo badaki kirol hontan parte hartzen duen orok giza natura eta borondatearen aurrean ez dela balio duen mugarik.

Iker Zabala

2013, Martxoa 26
Arloa: Kirolak