Txikituz handitu
Tradizioa eta berrikuntzaren arteko talka da garaiotako giltzarri eta oreka nabarmenena. Kultura eta lurraldetasunak markaturikoa hertsiki jarraituz gero herdoildurik geratzeko arriskua dago, eta modernitatearen baliatze neurrigabeak norberaren sustraiak ahazteko eremu irristakorrera eramango gintuzke. Horrela, ondarea eta abangoardia proportzio egokietan probetan sartzea da aurrera egiteko formula bakarra. Nahiz eta esatea egitea baino askoz ere errazagoa den.
Euskal tradizio eta etorkizunaren arteko bidegurutzean aurkituko genuke ezbairik gabe esku pilota. Euskal Herriko kirolaren historiaren lekuko, aldi berean XXI. mendeko kirol entzutetsu eta errespetatu, frontoiak betetzera iristen den tamainako ikuskizuna sortzeraino. Kirol xehea, soila. Larruzko pilota, bi horma eta txapa batekin soilik bidera daitekeena. Halere, osagai hauekin hainbat bide hauta daitezke, eta azpimarratu beharrik ere ez dago, gauza berriak sortzeko tartea bada oraindik ere. Horrela, azken urteetan hiru disziplina orokor gauzatzen dira esku pilotako enpresen arteko txapelketetan, jokalari kopurua eta frontoiaren luzeran aldaketak eraginez. Buruz burukoa, lau t'erdia eta binakakoa. Erdibiderako tarterik bai?
Bada, planteaturiko galderari baiezko erantzuna emateko ahalegina egin zuen duela urte bete baino pixkat gehiago komunitate pilotazaleak, eta hala, binakako bost t'erdiko txapelketa plazaratu zen. Kategoria berriaren izenak dioen bezalaxe, bikoteka jokatzen da, eta frontoiaren eremua laburtu. Apustu arriskatua tradizionalki purista izan den kirolaren barnean. Denarekin, ondo pentsaturiko estrategia gisa aurkeztu zen: publikoak ikuskizuna erregutzen duen garaietan, espazioa mugaraino konprimatzen da, lau pilotari oso toki murritzean sartuz. Hala, bikotearen arteko konpenetrazioa erabatekoa izan behar da, eta normalean itzalpean egoten diren atzelariek ere bere jokoa eraldatzeko aukera balia dezakete, pilotakada indartsuaren tresna ez baita baliagarri.
Iazko estreineko txapelketa arrakasta gisa hartu zuten antolatzaileek, eta Aste Santuan Zarautzen burutu den jaialdian ere ikuskizun ederra planteatu dute Aspeko pilotariek, disziplinaren baliagarritasuna testatzeko beste proba batetan. Hala, Jaunarena eta Zubietak Xala eta Peñagarikanori irabaziriko finalean, tanto ikusgarriak behatu ziren, molde berriak proposatzen zituztenak.
Gogoratu behar, egun horren maitatua den lau t'erdia beste garai batean balio gehiegi ez zuen modalitatea ere bazela, txapelketa 1989rarte egon baitzen erretiratua. Bost t'erdiko planteamendu honi dagokionean, akaso etorkizunean mesprezuz begiratuko den saiakera bizarro gisa hartuko da. Edo agian, batek daki, esku pilotaren zirkuitoan txokoa lortuko du, berez gustagarri eta anitza den kirola are gehiago aberastuz.