20 segundo 35 urterekin
Globalizazio egun hauek etxetik kanporako ikuspegia etengabe izatera behartzen gaituzte. Beste garai baten ez zen horrela. Lanean gustora egon, eta jaioterritik zenbat eta gertuago bizi, hobeto. Bada, esan bezala, lanaren urritzeak eta internazionalizazioa egonkortzeak urrutira begiratzera behartzen gaituzte. Berria izan daiteke oraindik ere, baina praktika hau kirolean are enfatizatuagoa egon da, eta ez da gaur egungo fenomenoa. Galde diezaiotela bestela Manuel Almunia atezain nafarrari. Hain zuzen ere azken garaiotan Watford Ingalaterrako taldearen ezusteko heroiari.
Almuniaren ibilbidea, beste hainbat gazterena bezala, herri talde txikian hasi zen, Oberenan hain zuzen ere. Txikitatik doaiak adierazten zituen heinean, laster igaro zen Osasunako harrobira, eta bertan, Taxonarreko zelaietan planteatu zuen, akaso futbolari profesional bilakatzeko aukera bat izan zezakeela. Bada, laster pairatu zuen halere, atezainen patu ohikoa, izan ere, postu murritza izanik, etxeko aukerak itxi egin zitzaizkion. Eta bertan hasi zuen iruñarrak taldez talde burutu zuen ibilbide saiatua, etengabe postua irabaziz, Cartagonova, Sabadell, Recreativo de Huelva edo Albacete bezalako taldeetan, Euskal Herrian ere, Eibarren hain zuzen, geltokia egin zuela. Eta hala iritsi zitzain bizitzako aukerarik nabarmenena. Arsène Wegner-en deia jaso zuen, Arsenal talde boteretsuaren atea defendatzeko nahi zuen manager frantziarrak. Bere ibilbideko urterik onenak izan ziren ezbairik gabe, 7 denborada orotara, hainbat momentu nabarmenekin, tartean Bartzelonaren aurka txapeldunen ligako finalean jokaturiko minutuak, Lehmann atezain titularra egotzi ondoren, edo Community Shield eta FA Cup tituluak irabazi izana. 2007tik 2010erako urteak izan ziren batez ere arrakastatsuak Almuniarentzat, hamaikakoetan finkoa baitzen nafarraren izena. Bere izarra gutxika gutxika itzaltzen hasi zen orduan, eta London-eko taldea utzi zuen, bere aintzinako usadioari jarraiki, taldez talde ibilbidea berhartuz. Ingalaterrako futbolean esperientzia handiko atezain gisa onartua, ez zuen arazorik izan, lehenbizi West Ham-en, eta azkenik, 35 urterekin, Championship-eko, alegia, bigarren mailako, Watford taldean aritzeko.
Hala iristen gara 2013ko maiatzaren 12ra. Urte ona burutu ondoren, igoera fasera sailkatzea lortu zuen Gianfranco Zola futbolari ohi mitikoa entrenatzaile duen taldeak. Hala, Leicester-en aurka kanporaketa lehiatua zuen Watford-ek. Joanekoan, Almunia atezain zuen taldeak 2 eta 1 galdu zuen, eta itzuliko partidan emaitza berdinarekin, kasu hontan Watford-en alde ari zen agortzen partida 95. minutuan. Momentu hortan epaileak penalty adierazi zuen Leicester-en alde. Estuasun bapatekoa harmailan, urte osoko esfortzua amildegiaren ertzean, bigarren mailan geratu beharraren izua. Anthony Knockaert frantziarrak hartu zuen Leicester-en alde kanporaketa ixteko ardura, eta momentu hortan azaldu zen Manuel Almunia. Jaurtiketa gogorra gelditzea lortu zuen, eta aldaratzean ere gelditu bikaina burutu zuen.
Ez da hori dena, halere. Atezain nafarrak kontraerasoa jarri zuen martxan. Bere taldekideak, gelditua zuziria balitz bezala esnatuak, indarrez zuzendu ziren aurkariaren atera eta 3 eta 1ekoa erdietsi zuen hala Troy Deeney aurrelariak, epaileak partidua amaitutzat emateaz batera. 20 segundo soilik izan ziren igaro zirenak, baina euskaldunaren geldituari esker, egoera zeharo irauli egin zen. Nekez izaten da atezaina horrelako matxaden protagonista, eta normalean, ibilbide bukaeran dauden jokalariak ez dira arrakasten heroiak bilakatzen. Denarekin, patuak merezimendu osoz irabaziriko arratsalde ederra eskaini zion Manuel Almuniari.