Ekinaren ekinez

Iker Zabala

Aldizkari honetako Berba Bi atalean mintzatu ginen duela hilabete batzuk Amets Txurruka txirrindulariarekin. Garai hartan Etxebarriako kirolariak ez zuen une gozoegia bizi, izan ere, azken urteetan Euskaltel-Euskadi taldearen barnean aritu ondoren, proiektu laranjak albo batera utzi zuen. Pedalari eragiten jarraitzeko Caja Rural-en eskaintza onartu zuen bizkaitarrak, kanpotik ikusita atzera urrats nabarmena.

Halere, Txurrukak, bere ibilbidean erakutsiriko umiltasun eta adore ezabezinak baliatuz, bere buruari plazaraturiko erronka gisa hartzen zuen, beste lasterketa molde batzuetan barneratzeko aukera, Euskal Herriko eta inguruetako txapelketetaz gozatzeko abagunea. Bada, bere garaian adierazitako jarrera haren ondoriozko uzta jasotzen hasi da txirrindularia, Asturiasko itzulian etapa bat eta itzulia bera irabaztea lortu baitu.

kirolak 2013 05 31

Handitasunetik txikitasunera dagoen distantzia handia dela ondo badakigu, eta Txurrukak lehen pertsonan behatzea lortu du azken boladan. Euskaltelen urteetan zehar besteentzako lanean aritu da, hein handienean, edo lasterketa handietan presentzia nabarmena erdiesteko eskapada neketsuetan murgildua; taldearen onura lehen mailan jarriz eta norberaren interesak golkotik behera irentsiz. Txirrindularitzaren arauak dira, talde nortasunaren oinarriak sendotzearen bideak. Urte horien balantze numerikoa, antzua: zenbait irri egon badira ere, tartean 2007an Frantziako Tour-ean erdietsiriko lehiakortasunaren maillot-a, garaipenen kopurua zero izan zen. Kirola zenbakietara gutxitzea bidezkoa ez dela badakigun arren, horrela neurtzen dira egungo bizikletaren parametroak.

Lan guzti horren etekina jasotzeko unea berandu iritsi bada ere, azkenik badaki Amets Txurrukak, txirrindukari saiatu eta langileak, denboraldian zehar esfortzu adierazgarriak burutu ondoren, zer den helmuga besoak altxata igarotzea. Are gehiago, itzuli bat bereganatzearen zaporea ere ezagutu du bizkaitarrak. Narancoko tontorrean bizirikoa, halere, hasiera baino ez dela ziurtatzen du Txurrukak. 31 urterekin, ibilbideko heldutasun puntu zoragarrian dago Caja Rural-ekoa, eta oraindik ere arrakasta gehiago etor daitezkeenaren susmoa adierazi du. Begiz jota duen xede nabarmenena, Espainiako itzulian etaparen bat irabazi ahal izatea. Hortik aurrerakoak auskalo, akaso goi mailako taldeetara bueltatzearen erronka planteagarria izan daiteke.

Iker Zabala

2013, Maiatza 31
Arloa: Kirolak