Nola sortu zure irratia Interneten

Kontaizu

irrat3.jpgEntzule izatetik igorle izatera pasatu nahi baduzu, ez duzu oztopo handirik izango. Bai, emititzeko ez da aparteko ezagutzarik edo tresneriarik behar. ADSL konexio arrunta eta ordenagailu berri xamar batekin nahikoa izango da. Beharrezkoak diren programak, berriz, doakoak dira eta saretik eskura daitezke. Linux erabiltzen dutenek badute Icecast programa, baina hemen Windowserako Shoutcast zerbitzaria nork bere ordenagailuan instalatzeko argibideak emango ditugu, gehienen eskura dagoelako eta konfiguratzeko nahiko erraza delako. Arazoak izan dira, hala ere, musika emititzen duten emisorekin, Espainiako SGAE elkarteak, egile eskubideak direla eta, dirua eskatu baitie askori. Baina logelako emisorak ez dira izaten eurentzat molestia handia, ez baitute publiko zabalegia izaten. Hasteko, Nullsoft-en Winamp instalatu beharko dugu, winamp.com webgunetik jaitsi ostean. Ondoren, shoutcast.com webgunetik, Downloads ataletik programa bi jaitsiko ditugu. Lehenengoa Winamp-i erantsiko diogun plug-in edo gehigarria izango da, haren bidez irratiak entzun beharrean seinalea igorri ahal izateko. Bigarrena Shoutcast zerbitzaria izango da, gure ordenagailura konektatzen direnei seinalea zerbitzatuko dien programa. Shoutcast zerbitzaria konfiguratu behar dugu gure ordenagailutik emititzeko. Ez da zeregin zaila baina horren azalpenak luze joko luke. Beraz, onena izango dugu shoutcast.com webgunean bertan dauden azalpenak jarraitzea. Funtsean, gure ordenagailuak IP helbide bat eta bakarra izango du sarean konektatuta dagoenean. Bestalde, Shoutcast emisioa ordenagailuaren portu edo sarrera jakin batetik egin ohi da, 8000 izeneko portutik, alegia. Bada, bere ordenagailuko Winamp-etik gure ordenagailura gure helbidea jarrita (adibidez: http://192.163.0.45:8000) konektatzen denak gure emisioa entzun beharko luke arazorik gabe. Winamp erabili behar dugu seinalea MP3 formatora trinkotzeko eta zerbitzarira igotzeko. Kasu honetan Shoutcast zerbitzaria ere gure ordenagailuan izango dugu eta aurretik konektatu beharko dugu. Ondoren, Winamp-en Shoutcast emisioa konfiguratuko dugu Output eta DSP/Effect pluginen bidez. Emitituko ditugun edukiak guri dagokigu aukeratzea. Gure ordenagailuan ditugun MP3 artxiboen sorta bat aukera dezakegu eta hura emititu edo, bestela, gure ahotsa sar dezakegu. -Shoutcast konfiguratzeko (gaztelaniaz) http://software.ethek.com/software/contenido.asp?IDContenido=130 -Winamp-en bidez seinalea igortzeko http://www.sonidodance.com/como_hacer_una_radio_on_line.htm

Kontaizu

2003, Urria 01
Arloa: Sarean