Saharara goaz
Sopelako Ander Deuna ikastolako ikasleek ikasketa bidaia berezia egingo dute aurten, saharaui errefuxiatuen kanpamenduetara. Baina nortzuk dira saharauiak eta zergatik daude basamortuko erbestean? Sarean jakingarri guztiak aurki ditzakegu. Sahara desertuak Afrika iparraldeko zati handi bat hartzen duen arren, soilik Mendebaldeko Sahara herrialdean bizi direnei esaten zaie saharauiak, horregatik ezberdindu beharko genuke saharar eta saharaui hitzen artean. Sahara osoak Egipto, Sudan, Somalia, Txad, Niger, Aljeria, Libia eta beste herrialde batzuk hartzen ditu. Mendebaldeko Sahara, berriz, Atlantikoarekin muga egiten duen Saharako zatia da, Maroko eta Mauritania artekoa. Lehenago "Sahara espaƱol" esaten zioten Mendebaldeko Saharari, izan ere, Espainiaren kolonia izan zen 1884tik 1975 arte. Baina 70ko urteetan Afrikako herrialde asko ari ziren independentzia eskuratzen eta NBEk saharauien autodeterminazioa prestatzeko agindu zion Espainiako gobernuari. Franco diktadorea hiltzen ari zela profitatuz, Marokok lurraldea inbaditzeko plana egin zuen 1975ean, "Martxa berdea" izenekoaren bidez. Milaka zibil eta soldadu bidali zituen lurraldera, hura "Maroko handiaren" parte zela aldarrikatuz. Espainiarrek ez zuten saharauiak defendatzeko adorerik erakutsi, Mendebaldeko Saharatik alde egin baizuten, marokoarren esku utziz. Marokoarrak sartzeaz batera espainiarrek alde egin zuten egunean bertan, 1976ko otsailaren 27an, saharauiek euren errepublika aldarrikatu zuten, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD), baina erbestera jo behar izan zuten, Marokoko soldaduen beldur. Aljeriak bere babespean muga ondoan eskainitako lur eremurantz jo zuten Mendebaldeko Saharako biztanle gehienek. Izan ere, Maroko erregeren inguruan eratutako monarkia absolutista da, bere baitan adierazpen askatasuna eta kultura aniztasuna ezagutzen ez duena. Saharauiek, aldiz euren burujabetza aldarrikatzen zuten eta Hassan II erregearekin zerikusirik izango ez zuen errepublika demokratiko batean bizi nahi zuten. Kulturalki eta hizkuntza aldetik, saharauiak marokoarrekiko oso ezberdinak dira eta errepresioaren beldur ziren. Euren beldurrak bazuen oinarririk, ihesi zihoazen zibilak bonbardatu baizituzten marokoar hegazkinek. Ondoren, 15 urteko gerra izan zen, saharauien Polisario Frontearen eta Marokoko armadaren artean. Azkenik, 1991an, su etena sinatu zuten NBEren bitartekaritzarekin, autodeterminazio erreferenduma eta errefuxiatuen itzulera adostuz. Baina geroztik Marokoko erregimenak oztopoak jarri ditu eta ez du onartzen saharauien independentziaren aukera. Saharaui erbesteratuen egoera behin-behinekoa zen, baina 28 urtez luzatu da eta ez da konponbiderik ikusten ostertzean. Saharauien kanpamenduak "Tindufeko kanpamenduak" esaten zaie errefuxiatuen kanpamenduei askotan, Tinduf herri aljeriarretik hurbil daudelako, baina kanpamenduetan ez da aljeriarrik bizi eta saharauiek euren burua antolatzen dute bertan. Saharauien gizartea ondo antolatuta dago, hango bizimodu gogorrari aurre egiteko ezinbestekoa baita antolaketa ona. Lau kanpamendu nagusi daude (Aaiun, Smara, Auserd eta Dakhla) eta bakoitzaren barruan 6-7 udalerri. Saharauien gizartea arabiar munduko aurreratuenetakoa da sexu berdintasunari dagokionez, haurren %100ek hezkuntza jasotzen du. Osasuna ere bermatua dute nazioarteko laguntzari esker, baina kanpamenduetan ez da ia ezer ekoizten, dena kanpotik ekarri behar zaie errefuxiatuei: oinarrizko elikagaiak, ACNURek eta gobernuek ezezik, Europako GKEek antolatutako karabanek eramaten diete. Ikas-materialaren falta nabaria dago kanpamenduetan, horregatik elkartasun ekimenak antolatu izan dira Euskal Herritik. Lekeitioko gazte batzuek duela bi urte ludoteka antolatu zuten kanpamendu batean. Iaz, "Ikasle bat, adreilu bat" kanpainia egin zuten guraso elkarte batean, Dakhla kanpamenduan eskola bat eraikitzeko xedez. Ander Deunako ikasle sopeloztarrek prestatu dute azken ekimena: ikasketa bidaian leku turistiko batera joan beharrean, basamortura joatea erabaki dute, errefuxiatuen kanpamenduak bertatik bertara ezagutzeko xedez. Bueltatzen direnean zer nolako esperientzia izan den kontatuko digute. Bertan kokatzeko baliagarria izango zaie saharauien museo birtuala, Gironako unibertsitate baten laguntzaz sortutakoa eta benetakoaren informazio bera duena. Hassaniya apur bat ikastea ere ez zaie gaizki etorriko. Horretarako, sarean dauden oinarrizko hiztegi batzuk erabil daitezke. Gurean dauden saharauien aldeko elkarte batzuek ere badute sarean webgunerik, Getxoko, Leioako eta Gorlizko elkarteak kasu. Eta Interneten ere, eMule bezalako truke sareen bidez, Saharari buruzko dokumentalak eskura daitezke. Beste hizkuntza batzuetan eta gai ezberdinak jorratzen dituzten beste hainbat lotura daude.