Googleren barruak ezagutzen
Denok dakizue zer den Google bilatzaile ezaguna. Gure egunerokotasunean askotan erabiltzen dugu bilatzaile hau, baina bere aukera guztiak erabiltzen ditugu? Seguraski ez. Hori da artikulu honen bitartez egiten saiatuko garena.
Google bilatzailea
Google bere bilatzailearengatik da ezaguna. Google egon aurretik zeuden beste bilatzaile asko aurreratu eta orain erabiliena bilakatu da. Bere arrakastaren arrazoi nagusia bere orrialdearen sinpletasuna izan daiteke. Bilatzaile bat izanik, bere funtzio nagusia argi uzten du hasierako orrian. Bertan irudiak, taldeak, gidak eta, noski, webguneak bilatu daitezke euskarazko bertsioan behintzat. Ingelesezko bertsioan berriak, Froogle(produktuak bilatzeko eta erosteko era berria)eta lekuaren araberako bilaketak egiteko aukera dugu. Erabiltzen dugun arren askotan zerbait bilatzea asko kostatzen zaigu, hona hemen Google erabiltzeko zenbait gomendio:
- Hitz konposatuak edo esaldi konkretu bat bilatu nahi baduzu kakotxak (") erabili. Horrela Googlek kakotxen artean dagoena bilatuko du osorik, adibidez: "euskarazko softwarea".
- Galdera erantzun bezala idatzi. Bilatzen ari zarena erantzuna da ez galdera bera, horregatik erantzuna bilatu behar da. Adibidez, Everesten altuera jakin nahi badugu, ez dugu "Zein da Everesten altuera?" idatziko baizik eta Everesten altuera * metrokoa da (* ikurrak tarte horretan edozer egon daitekeela adierazten du).
- Hitz baten definizioa bilatzen ari bagara interesgarria izan daiteke define parametroa erabiltzea. Honen bitartez Googlek definizioak bakarrik bueltatuko ditu. Euskaraz gutxi dauden arren, emaitzen azpian hizkuntza aukeratzeko aukera ematen zaigu. Adibide bat: define:euskara.
- Webgune bati beste webguneek egiten dizkioten loturak ezagutu nahi badira link parametroa erabili beharko genuke. Era honetan ikastola.net lotzen duten beste webguneak zeintzuk diren jakiteko link:http://www.ikastola.net jarri beharko genuke.
- Webgunearen helbidean hitz bat edukitzea behartu dezakegu Google. inurl parametroa erabiliz, webgune baten helbidean hitz hori duten emaitzak bakarrik bilatuko dira. Adibidez "hezkuntza" hitza helbidean duten webguneak aurkitu nahi baditugu inurl:hezkuntza jarri beharko genuke.
- Bilatzen ari garen helbidearen izenburuan hitz konkretu bat egotea nahiko bagenu, intitle parametroa erabili beharko genuke. Berriro ere "hezkuntza" hitza izenburuan duten webguneak aurkitu nahiko bagenitu, intitle:hezkuntza erabili beharko genuke.
- Webgune konkretu batean bilaketak egin nahiko bagenitu site parametroa erabili beharko genuke. berria.info webgunean "ikastola" hitza bilatu nahiko bagenu adibidez site:http://www.berria.info ikastola.
- Fitxategi mota konkretu bat bilatzen ari bagara filetype parametroa erabiliko dugu. Demagun ôeuskaraö hitza duten PDF fitxategiak bilatu nahi ditugula. Horrela idatziko genuke:filetype:pdf euskara.
Aukera hauetaz gain eragile logikoak (AND(eta) eta OR(edo)) ere erabil daitezke. Aukera hauek guztiak eta gehiago era errazean erabil daitezke bilaketa kutxaren eskuinean azaltzen den "Bilaketa aurreratua" sakatzen badugu.
Google bilatzaile bat baino gehiago
Googlek bilatzaileaz gain beste hainbat tresna sortu ditu eta Interneten erabilgarri daude guztiak. Hauetako batzuk aipatuko ditugu orain:
- Google Book Search: Digitalizaturiko zenbait liburuetan bilatu eta beste hainbat liburu aurkitzeko tresna.
- Google Scholar: Unibertsitate eta beste ikerkuntza dokumentazioan bilatzeko tresna.
- Google Desktop Search: Gure sisteman instalatu ondoren (Windows sistematan bakarrik), Googlek eskaintzen duen bilaketa boterea erabili daiteke gure sisteman ere bilaketak egiteko.
- Google Maps: Mundu osoa satelitetik ikusteko aukera ematen duen tresna.
- Google Earth: Gure sisteman instalatu ondoren (Windows edo Mac sistementzako)Google Maps-ek ematen dituen aukerak eta gehiago erabili ahal izango ditugu gure ordenagailuan.
- Google Video: Bideo asko aurkitu daitezke bertan, dohainekoak zein ordainpekoak.
- Google Talk: Berehalako mezularitza eta konputagailuen arteko ahots elkarrizketak ahalbidetzen dituen programa sinplea baina erabilgarria.
- Google Blog Search: Blogetan bilaketak egiteko baliagarria den bilatzailea.
- Blogger: Blogak sortzeko Googleren tresna.
- GMail: Googlek eskaintzen duen posta elektroniko interesgarria. Momentu honetan 2600MB (egunero igotzen) eskaintzen ditu zure posta elektronikoa gordetzeko eta tresnan bertan konektatuak dauden zure agendako kontaktuekin hitz egiteko aukera ematen dizu.
- Google Labs: Googleren ikerkuntza laborategia. Atera behar dituen produktu batzuei buruz eta egiten dituzten ikerketei buruzko informazioa ematen dute bertan.
Ikusi dezakezuen bezala, Google bilatzaile bat baino gehiago da, gaur egun mundu osoko jakintza biltzen den lekua delaesan daiteke. Hau horrela izanik berak zehazten du zer den ikusten dena eta zer ez eta zein lekuan. "Googlen ez dagoena, ez da existizen" esaldia etorkizun hurbil batean egi borobila izatetik gertu gaude.