Liburutegi digitalak, hilezkortasuna digitala

Gorka Julio

sa37.jpg

Urteetan jakintza idatziaren euskarri izan diren liburuak oraindik ere erabiltzen ditugu baina hauen hilezkortasuna ziurtatzeko gero eta ekimen gehiagok hauen digitalizatzearen alde egiten dute. Era honetan laster ikusi ahalko ditugu liburu asko bere edizio elektronikoan. Ekimen hauen inguruan eta gaia inguratzen duten beste askori buruz hitz egingo dugu beraz.

Liburutegi digitalak

Open Content Alliance: Hainbat enpresa, horien artean Yahoo, Internet Archive, HP labs, O'Reilly Media, NY Times, Microsoft etab. eta unibertsitateen artean sortutako ekimen bat da. Proiektu honen helburua liburuak digitalizatu ondoren eduki digitalez osaturiko liburutegi digital eta multimedia handi bat sortzean datza.
Edukia Yahoo bilatzailearen bidez atzitu ahal izango da baina ez esklusiboki Microsoftek MSN Book Search ekimena ere aurkeztuko baitu ekimen honetan sartutako liburu eta edukietan bilatu eta beste hainbat informazioetan bilatzeko.
Copyright legeak beharturik orain arte digitalizatu duten eduki gehiena domeinu publikoan edo bere banaketa eta kopia onartzen duten lizentzietan eginikoa izan da. Hala ere gero eta akordio gehiago lortzen ari dira egile, editorial eta liburutegi publikoekin eduki gehiago digitalizatu ahal izateko.

Google Book Search: Hasieran Google Print izena zuen proiektuak copyright legeak direla eta arazo larriak izan ditu. Orain bere liburutegi digitala sortzeko bidean munduko zenbait unibertsitate eta erakunderekin egindako akordioen ondorioz bere ekimenak aurrera doa. Hala ere, Google Book Search-ek liburuak erakusteko zenbait era ezberdin ditu, ez baitu guztietan liburuaren eduki osoa bistaratzen.
Bista osoa: liburua bere osotasunean ikusi, bertatik nabigatu, indizea ikusi eta pdf-an jaisteko aukera ere ematen zaigu. Normalean domeinu publikoan dauden liburuak izan oi dira.
Aurrebista mugatua: Egileak ezarritako orrialde edo pasarteak, portada, indizea bakarrik atzitu daitezke.
Zati batzuk ikusteko aukera: bilaketa egin ondoren erlazionaturiko esaldi batzuk ikusteko aukera izango dugu baina domeinu publikoan ez dauden liburuetan datu editorialak bakarrik ikusteko aukera izango du erabiltzaileak.

Europako Liburutegi Digitala: Europar Batasunak estatu frantseseko agintarien proposamen bat onartu eta estatu espainiar, italiar, alemaniar, hungariar, poloniarrekin batera bost urtetan 6 milioi liburu digitalizatuko dituen ekimen bat aurrera eraman nahi dute. Era honetan mendeetan zehar Europan sortutako ezagutzaren parte handi bat digitalizatu nahi dute.

Gutenberg Project: Ekimen hau Michael Hartek n jarri zuen martxan 1971. urtean eta orain arte domeinu publikoko 20.000 liburu baino gehiago digitalizatu dira. Besteen aldean hemen jasotako liburuak ASCII hutsean gordeak izan dira, berauek irakurtzeko traba teknologikorik ez izateko. Gehienak ingelesezko testuak dira.

Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes: 1999. urtean hasi zen proiektu hau 2.000 ale zituelarik. Gaur egun zenbait erakunde eta unibertsitateen laguntzari esker 12.000 ale ditu digitalizaturik eta eskuragarri. Gehienak espainiar kultura eta hizkuntzarekin erlazionaturik badaude ere beste gai batzuetako eduki interesgarriak ere topa daitezke bertan.

Wikiliburuak: Wikipedia entziklopedia askea argitaratzen duen Wikimedia fundazioak ateratako beste ekimen bat da. Ekimen honen bitartez Wikipedian luzeegiak gelditzen diren edukiak edota espresuki liburu bat sortzeko egin direnak jartzen dira wikiliburu batean. Wikiliburu hau noski Wikipedian gertatzen den bezala jendeak era parte hartzailean egindakoa eta librea izango da.

Gurean?

Gurean ekimen interesgarriak dauden arren faltan botatzen da bere osotasunean ondaren kulturalaren digitalizatzean lan egingo duen ekimen orokor bat. Ekimen interesgarrien ezin aipatu gabe utzik Susak aurrera eramandako zenbait proiektu. Horien artean zenbait liburu osoen digitalizatzea, zenbait poemen grabazioak eta batez ere Armiarma proiektua. Proiektu honen barnean klasikoen gordailua, literatur aldizkarien gordailua, euskal prentsaren zenbait lan eta beste hainbat ekimen barneratzen direlarik. Literatur ondarearen digitalizatzean pauso handia dudarik gabe.
Beste hainbat ekimen ere ikus daitezke adibidez Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako elizbarrutiko artxiboek aurrera eramandako agiri sakramentalen digitalizatze eta indizatzea. Adibide batzuk jartzearren Donostiako elizbarrutiko artxiboa eta Zumarragako udalak bere orrian eskaintzen duten zerbitzuak.
Internet eta hacktivismoaren inguruan Bilboko hacklabean ere gai hauei buruzko liburutegi digital bat osatzeko ekimena ere aurrera eraman zen eta Alephandria izeneko hacktivismoaren liburutegi digitala izan zen emaitza.

Munduaren ezagutzaren euskarria digitala da eta horregatik argi eduki behar dugu bide honetan pausoak ematea garrantzitsua dela, gure kultura eta urteetan gizakiek sortutako ezagutza mantendu ahal izateko. Ez dugu beste Alejandria bat nahi.

Gorka Julio

2007, Otsaila 01
Arloa: Sarean