Gauzen Internet

Gorka Julio

sarean090318Internet ordenagailuen arteko sareak pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzeko tresna da gaur inoiz baino gehiago. Hala ere, kalkulatzen da Interneteko trafikoaren %12a makinek pertsonen laguntzarik gabeko informazio trafikoa dela. Interneten, ordenagailuak eta antzerako gailuez gain beraien artean komunikatzen hasi diren eguneroko gauzak ikusten hasiko gara. Hori da gauzen internet, eguneroko gauzak euren artean elkar komunikatu eta Interneteko informazioa erabiliz gauza berriak egiteko gai izatea.

Hau lortu ahal izateko gero eta arruntagoak diren teknologia sorta batek parte hartzen du. Dimentsio biko barra-kodeak, RFID txipak, Wifidun hardware aurreratuak, Hardware moldagarria eta sentsoreak etab. Hauek denak, uste baino gertuago daude eta nahigabe erabiltzen ditugu. RFID txipak dituzten Autobus txartelak adibidez.


Dimentsio biko barra-kodeak

Barra-kode arruntak baino informazioa gordetzen duten dimentsio biko barra-kodeak dira. Barra-kodea edozeinek sor dezake dimentsio biko barra-kodeak sortzeko tresnarekin. Bertan nahi den informazioa, lotura, telefonoa sar daiteke. Ondoren inprimatu edo pantailan bertan ikusgai jarri eta dimentsio biko barra-kodeak irakurtzeko kamara batekin harrapatu behar dira. Honela, harrapatu den kodeak hainbat ekintza egiteko aukera emango digu, informazioa ikusi, lotura kontsultatu, telefono batera deitu etab. Objektuei informazioa eta ekintzak gehitzen dizkiogu honela.

RFID txipak

RFID (Radio Frequency IDentification siglak, euskaraz irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa) urruneko datuen berreskurapen eta bilketan oinarritzen den metodo bat da, etiketak edota RFID tags deritzon dispositiboak erabiltzen dituena. RFID etiketa bat, dispositibo txiki bat da, pegatina baten antzekoa, produktu bati itsatsi edo txertatu daitekeena, hala nola pertsona edota animaliei. RFID etiketa hauek antena batzuk dituzte, RFID igorle-hartzaile batetik bidalitako irrati-frekuentzia bidezko eskaerak jaso eta erantzutea ahalbidetzen dutenak. Etiketa pasiboek ez dute barne sostengu elektrikorik edota elikadura-iturririk behar, aldiz aktiboek bai (Wikipedia).

Edozein objekturi RFID txip bat jarriz gero informazioa eta ekintza berriak izan ditzake. Hori horrela izateko RFID txipak irakurtzeko gaitasuna duen gailuren bat beharko dugu eta horixe da Mir:ror. Gailu honen bidez, objetuen RFID txipak irakurri eta aurretik programaturiko ekintzak gauzatzeko gaitasuna dute objektuek, posta elektronikoa irakurri, webgune edo fitxategi bat ireki, eguraldiaren berri eman, musika gogoena jarri etab. Gainera identifikatuta daudenez objektuek euren artean komunikatzeko gaitasuna izan dezakete.

Ingurune-gailuak

Gailu hauek Internetekin beste era batera elkarreragiteko aukera ematen dute. Batzuk jostailu itxura dute, adibiderik hoberena Nabaztag wifi konexiodun untsia izan daiteke. Untsi honek wifi konexio batera konektatu eta Internetetik jasotzen dituen edota bidaltzen dizkiogun ekintzak gauzatzeko gai da. Posta elektronikoa irakurri, azken albisteen berri eman, eguraldiaren egoera irakurri etab. Hau dena, audio edo argi eta mugimenduen bidez. Horretaz gain, beste untsi eta objektuekin komunikatzeko gaitasuna dauka. Honen antzekoa da baita ere Tux Droid, Linux sistemaren pinguino ezagunaren bertsio robotiko programagarria.

Beste gailu interesgarri bat Chumby da. Chumby erabat programatu daitekeen ukimen-pantailadun wifi konexiodun gailua da. Internetetik jasotako informazioa erakutsi eta lortzeko gaitasuna dauka, noski programatu diogunaren arabera.

Baina jostailu antza duten gailuez gain badira egunerokotasunean lagundu dezaketen beste ingurune-gailu batzuk ere. LG hozgailu honek eguraldia eta azken informazioa emateko gai da, horren arabera hozkailuaren eta etxearen tenperatura kontrolatzeko ahalmena ere badu. Ambient Orblanparak aldiz, wifi konexio bat erabiliz Internetetik informazioa eskuratu eta programatu diogunaren arabera kolore ezberdinak erakusten ditu jasotakoaren arabera, eguraldia, burtsaren egoera, polenaren egoera, berriak etab. erakusteko programatu dezakegu.

Hardware moldagarria eta sentsoreak

Objektuei funtzionalitate berriak emateko hardware oso interesgarria da Arduino. Arduinoren bidez softwarea eta hardwarea konbinatuz objektu bati ekintza berriak gehitzen zaizkio. Objektua, Internetera konektatzeko gaitasuna badu gainera, imagina ezinezko gauza pila egin daitezke.

Sentsoreak gure errealitatean gertatzen diren hainbat gauza detektatzeko balio duten hardware txikiak dira. Sentsore hauek lortzen duten informazioari esker gure errealitatearen informazio hobeagoa eta zehatzagoa izan dezakegu. Zer gertatuko litzateke gure herriko airearen kutsadura maila detektatu eta informazio hori bisualizatuko bagenu? Jendeak kutsadura maila ezagutuko balu agintariei egoera  alda dezaten eskatzeko erraztasun handiagoak izango luke. Oso webgune interesgarria da Pachube, munduko sentsore eta objektuek bidalitako informazioa metatu eta denontzako erabilgarri jartzen da bertan.

Gauzen Interneten hastapenetan gaude orain eta ez dakigu noraino iritsiko den, baina aldaketa garrantzitsuak ekar ditzakeela argi dago.

Gorka Julio

2009, Martxoa 18
Arloa: Sarean