Twitter

Gorka Julio

sarean100404

Twitter mikroblogintza tresna oso ezaguna egiten ari da, baita ohiko hedabideetan ere. Tresna horrek ahalbidetzen duen komunikazio azkarra da gakoa. Bakoitzak bere lagun sarean jasotzen duen informazioa errepikatzen du, jasotzen duena moldatu eta bere hartzaileei egokitzen die. Edota garrantzitsuena dena, hizkuntza ezagutu gabe ere, jendeak bidalitako loturetan zehar nabigatu dezake. 140 karakteretako mezuak pribatuak edo publikoak izan daitezke; lehenengo kasuan, bakarrik zure lagunek irakurri ahal izango dute idazten ari zarena, eta bigarren kasuan, aldiz, edonork.

Argi dago hori baino gehiago dela, ez tresna bera, komunikazio eredu berria ekarri duelako baizik. Mundu fisikoan SMSa da bere gurasoa, eta Interneten, berehalako mezularitza asinkronoa + sare sozial irekiak. Berehalako mezularitzarekin konparatuz gero ( adibidez Jabber-ekin; guztiekin ez, baina bai erabiltzeko moduagatik), asinkronoa da. Hau da, gure hartzaileak ez du zertan konektatuta egon behar mezua jasotzeko, ondoren jaso dezake. Gainera horri sare sozial irekia gehitu zaio, bakoitzak erabakitzen du nahi duen parametroen bidez zein pertsona jarraituko dituen, zein izango diren berarentzako garrantzitsuak. Gainera, pertsona horiek idazten dutena publikoa da (erabiltzaileak mugatzen ez badu). Horrela, pertsona batek beste bati erreferentzia egitean, beste pertsona hori ere interesgarria den edo ez ikus dezake norberak. Bi gauza horiek elkarturik berehalako mezularitza asinkrono soziala eraiki dute.

Erabiltzaileek gainera, tresna bera interesgarriago egiten duten meta-hizkuntza bat sortu dute. Meta-hizkuntza horri esker zenbait gauza gehigarri egin daitezke:

  • @erabiltzailea: Mezu batean @erabiltzailea erabiltzen bada, aipatzen den erabiltzaileari aipamen bat egin diotela jakingo du.
  • RT [mezua]: RT [mezua] erabiliz, beste pertsona batek idatzi duen zure kontaktuei bidaltzen diozu, zabaltzeko.
  • [mezua] #etiketa: #etiketa sintaxia erabiliz mezu batek etiketak adierazten duen gaiarekin zerikusia duela adierazteko erabiltzen da.

Horretaz gain, Twitter webgunetik erabili badaiteke ere, hau erabiltzeko beste tresna batzuk ere badaude:

  • Echofon: Firefox nabigatzailearentzako gehigarri bat. Hau erabiliz, twitterrera mezuak bidali eta jasotzeaz gain, zure kontuen jarraipena egiteko aukera ere ematen du.
  • Splitweet: Twitterreko hainbat kontu kudeatzeko aukera ematen duen tresna. Etiketa baten jarraipean ere egiteko balio du eta euskaraz dago.
  • Seesmic: Twitterreko kontuak kudeatzeko beste tresna bat. Mugikorretzako aplikazio oso interesgarri bat eskaintzen du, Twitter mugikorretik ere erraz erabili ahal izateko.
  • Hootsuite: Twitter kudeatzeko beste tresna bat. Profesionalei zuzenduagoa.

Gorka Julio

2010, Maiatza 04
Arloa: Sarean