GTranslate euskaraz
Behin baino gehiagotan hitz egin dugu hemen, euskara ikasi, idatzi eta erabiltzeko baliabidez. Oraingoan aldiz, euskara beste hizkuntza ezberdinetara itzultzeko aukera ematen duen tresna bati buruz hitz egingo dugu; Googlek bere Gtranslate tresnan euskara txertatu baitu.
Oraindik hastapenetan badago ere (alpha-n dagoela adierazten du Googlek), jada posible da testu bat edo webgune oso bat munduko hizkuntza askotatik euskarara itzultzea eta alderantziz. Horretarako Googlek datu sorta ikaragarriak erabili ditu eta erabiltzen duen metodoa estatistikoa da. Hau da, orain arte dauden testuetan aurkitzen dituen agerpenak baliatzen ditu itzulpenak egiteko. Itzulpenaren kalitatea oraindik nahiko kaxkarra den arren pauso garrantzitsua da euskara globaltasunean kontutan hartua izan dadin. Gainera itzulpena zuzentzeko aukera ere ematen du sistemak. Sartzen diogun informazio hori ondoren sistema hobetzeko erabiliko dute.
Tresna erabiltzeko hiru aukera nagusi daude:
- Testu bat itzuli: Agertzen den testu kutxan itzuli nahi den testua itzuli, jatorri eta helburu hizkuntzak aukeratu eta testua hizkuntza horretara itzuliko digu.
- Webgune bat itzuli: Testu kutxa berean webgune baten helbidea sartuz gero, webgune osoa itzuliko digu aukeratutako hizkuntzara.
- Fitxategi bat itzuli: Testu fitxategi bat igo eta hau itzultzeko aukera ere ematen digu GTranslate tresnak.
Webgunera sartu gabe ere gure itzulpen automatikoak erabiltzeko aukera ematen du tresnak, horretarako sintaxi berezi bat erabili behar bada ere.
- http://translate.google.com/#eu|es|itzuli nahi duzun testua: Helbidea horrela osatuz gero "itzuli nahi duzun testua" euskaratik (eu), gaztelerara (es) itzultzeko balio du..
- http://translate.google.com/#eu|fr|http://kontaizu.net: Helbidea horrela osatuz gero http://kontaizu.net webgunea euskaratik (eu), frantsesera (fr) itzultzeko balio du.
Tresna honi esker eta aurrerantzean etorriko direnei esker, euskara erabilita beste munduko edozeinek ulertzeko erraztasunak izango ditugu. Hori bai, garrantzitsua da euskarazko edukiak sortzen jarraitzea, ez bakarrik itzulpen hobeagoak izateko, baizik eta orokorrean euskarak Interneten ere presentzia handiagoa izan dezan.