Internet eta papera
Aurreko batean Interneten idazteko gomendioak aipatu genituen. Hala ere, batzuetan gomendio horiek jarraitzea zaila izan daiteke, baldin eta papererako eta Interneterako edukia prestatu behar badugu aldi berean. Horretarako egokiena testu orokor bat prestatu eta Interneterako eta papererako (eta beste formaturen bat balego berdin) bertsioak egitea litzateke.
Proposamen orokor moduan aipatutakoak balio du, baina batzuetan zaila izaten denez bat edo beste gailentzen da. Edozein kasutan ere, hipertestua erabiltzen denean garrantzitsuena loturak dira. Lotura horiek behintzat zaindu behar dira. Hauek Internet eta paperean ezberdin erreferentziatu behar dira. Gaurkoan beraz papera eta Interneten loturak erabiltzeko gomendioak emango ditugu.
URL helbide kanonikoa erabili
Gomendio orokor bezala, paperean zein Interneten ahal den kasu guztietan URL helbide kanonikoa erabili, hau da www gabe. Adibidez: Kontaizu.net (paperean) eta http://kontaizu.net (Interneten)
Interneteko proiektu edo webgune nagusiak erreferentziatzeko
- Paperean: Jarri izenaren atzean bere domeinua. Kasuzkakoa izan badaiteke ere orokorrean domeinu arrunta erabiltzen dutenak letra larriz hasi eta aldiz azpidomeinu bat erabiltzen dutenak letra xehez. Adibidez: Bildu.net (domeinu arrunta) greba.euskalherrian.info (azpidomeinua).
- Salbuespena: Webgunea oso ezaguna denean ez duzu zertan jarri behar. Adibidez: Google
- Salbuespena: Siglak eta antzekoetan, erreferentzia zuzenaren edo zeharkakoaren araberako hurrengo kasuak aplikatu. Izena bere horretan mantendu ahal izateko. Adibidez: NBE Nazio Batuen Erakundea (http://un.org)
- Interneten: Bihurtu izena lotura batean. Domeinua utzi edo kentzearen erabakia aukerazkoa da. Normalean proiektuak berak bere burua erreferentziatzeko markan domeinua jarri ohi badu errespetatzea gomendagarria da. Domeinuaren esanahia oso ohikoa bada ere uztea gomendatzen da. Adibidez: Bildu.net (domeinu arrunta) greba.euskalherrian.info(azpidomeinua).
- Salbuespena: Gai nagusiarekin harreman zuzena ez badu behintzat, oso ezagunak diren webguneei lotura ez jartzeko aukera dago. Adibidez: Google
- Salbuespena: Azpidomeinua erabiltzen duten webguneek ezaguna duten izen orokor bat erabiltzen badute, erreferentzia zuzena edo zeharkako kasuak aplikatu daitezke. Estekatutako testua webgunea ezaguna den izenagatik ordezkatuz. Adibidez: Albisteak 2.0
Beste informazioei erreferentzia zuzena
- Paperean: Aipatzen den informazioaren ondoren helbidea eskaini parentesiak erabiliz. Adibidez: ESAIT-ek Tourmaletean egingo dituzten ekimenak iragarri ditu (http://www.esait.org/default.cfm?hizkuntza=0&atala=albistea_ikusi&id=345)
- Interneten: Erreferentziatzen den informazio hori izango da estekaren testua eta aipatutako helbidera lotura egingo du. Saiatu estekaren testua esanguratsua izaten, bilatzaileek adibidez kontutan hartzen duten zerbait da. Adibidez: ESAIT-ek Tourmaletean egingo dituzten ekimenak iragarri ditu.
Beste informazioei zeharkako erreferentzia
- Paperean: Aipatzen den informazioaren ondoren kortxeteak erabiliz eta zenbaki batez, informazioaren bukaeran webgunearen informazioa zabaldu. Adibidez: ESAIT-en ohiko ekimenez gain [1], ekimen gehiago ere egingo dira. (...) [1] http://www.esait.org/default.cfm?hizkuntza=0&atala=albistea_ikusi&id=345
- Interneten: Erabakia irakurlearen esku utzi daiteke aurreko kasuko soluzioa erabiliz edota irakurleak gai nagusiari arreta osoa eskaintzea nahi badugu, kortxete artean identifikatutako zenbakiak lotura izatea da gomendagarriena. Adibidez: ESAIT-en ohiko ekimenez gain [1], ekimen gehiago ere egingo dira.
Helbide oso luzeak erreferentziatzeko
- Paperean: Helbide luzeak erreferentziatzeko arrazoiak paperean helbide hori erabilgarria ez izatea izan daiteke. Beste arrazoi bat tamainak testua desitxuratzen duela adibidez. Kasu hauetan bakarrik, helbide laburtzaileak erabili daitezke. Helbide laburtzaile hauek, helbide ez esanguratsu bat, paperean irakurgarria eta erabilgarri den helbide batean bihurtzen dute. Adibidez: helbide originala: http://www.esait.org/default.cfm?hizkuntza=0&atala=albistea_ikusi&id=345 helbide laburtua: http://tinyurl.com/esait-tour2010. Baina kontuz! Kontutan hartu gomendio hauek.
- Ahal bada, helbide laburtzaileak guk sortua izatea. Horrela kontrol osoa edukiko dugu, eta zerbitzua desagertzeko beldurrik ez. Gainera bertatik trafikoa pasatzean estatistikak neurtu ahal izango ditugu.
- Aurrekoa ezin bada: Erabiliko dugun laburtzailea nahiko ezaguna eta ahal bezainbesteko kontrola ematen digutenak aukeratu. Bit.ly aukera ona izan daiteke. Izena eman behar bada ere, estatistikak eta helbide izen propioak emateko aukera ematen du gainera.
- Aurrekoa ezin bada: Behintzat oso ezaguna den, izena eman behar ez den eta helbide izen propioak zehazteko aukera ematen duen bat erabili. Tinyurl.com aukera ona izan daiteke.
- Salbuespena: Helbidea luzea bada, baina oso luzea ez bada eta domeinua erakusteak garrantzia badu orduan helbide osoa erabili daiteke. Adibidez: Arnaldo Otegiren Facebook-eko orrialdea bitan itxi ondoren, elkartasuna adierazteko beste orrialde bat sortu dute (http://www.facebook.com/pages/Free-Arnaldo-Otegi/134658569906692?v=wall)
- Interneten: Aurreko Interneteko adibideetan egin dugun bezala, erreferentzia motaren arabera lotura egin. Inoiz ez laburtzailea erabiliz sortutako helbidera, baizik eta helbide originalera.
Papera eta Internet uztartu
Aurreko adibidearekin, hau da helbide irakurgarriak sortuz, maila handi batean paperean idazten dugun hori ondoren Interneten erakusteko aukera ematen dugu. Hala ere, horretaz gain, aukera gehiago ere eman daitezke elkarrekintza hori bultzatzeko. Batez ere, gero eta gehiago izango direlako gailu mugikorretatik (ez bakarrik ordenagailuetatik) informazioa jarraitu nahi izango duten pertsonak.
Elkarrekintza hori bilatzeko bide bat bi dimentsioetako kodeak dira. Bi dimentsioetako kodeen bidez, helbideak kode horietan sar daitezke eta kamara bat duten edozein gailu mugikorretatik irakurri eta bertara sartu. Hau dena, teklatu bidez ezer sartu behar izan gabe (kontutan hartuta gailu hauetan teklatua ere eskaxa izaten dela). Kode hauek sortzea oso erraza da Kaywa QRcode generator bezalako tresna asko dago. Baita software libreko programa asko ere.