Diaspora
Diaspora euskaldunok oso presente dugun hitza da, baina oraingoan ez gara euskal diasporaz ari baizik eta Interneteko tresna berri bati buruz. Diaspora, New Yorkeko unibertsitateko lau ikaslek sortutako proiektua da. Helburu zehatz bat dute, pribatutasuna eta bakoitzaren datuen kontrola ziurtatuko duen, sare sozial libre eta deszentralizatua sortzea.
Facebook sare sozial ezagunarekin konparatuz gero erabat desberdina da. Facebook-en eredua zentralizatua da, hau da zure lagunak bertan badaude, zu ere horiekin hitz egin ahal izateko bertan egon behar duzu. Egitura zentralizatu horrek Facebook-i kontrola eta bere negozio eredua martxan jartzeko informazio pertsonala ematen dio. Facebook oso argia baita, gure datuekin dirua egin nahi du hori bilatzen du. Diasporak aldiz beste era batean funtzionatzen du, bakoitzak bere zerbitzua instala dezake edo jada norbaitek sortu duen batean parte hartu. Zerbitzuen artean komunikatzeko ahalmena izango delarik. Hauek dira bere abantaila nagusiak:
Deszentralizatua: Bakoitzak bere zerbitzua prestatu dezake edota jada sortua dagoen batean parte hartu. Diaspora instalazio propioa sortu nahi ez duten pertsonentzat adibidez Pontari.us dago.
Zifratua: Zerbitzarien arteko mezuak zifratuta doaz. Horrek suposatzen du zure mezuak bakarrik jaso behar dituenak ikusi ahal izango dituela. Egiten duten bidean, ezingo dira harrapatuak izan.
Taldeak: Taldeak antolatzeko aukera ematen du. Ditugun kontaktu mota ezberdinen arabera, mezuak kudeatzeko aukera ematen du tresnak. Horrela gure mezuak bakarrik nahi dugun pertsona multzora bideratu ahal izango ditugu.
Datuen kontrola: Instalazioa gure zerbitzuan badugu datuen kontrola erabatekoa da. Aldiz beste zerbitzu bat erabiltzen badugu bere baldintzak onartu beharko ditugu. Normalean baldintza horiek Facebook-ek ezarritakoekin konparatuta askoz murritzagoak izango dira. Gainera, beti izango dugu gure datuak beste leku batera eramateko erraztasuna.
Software librea: Software librea denez, honek eskaintzen dituen aukera guztiak ditu. Aldaketak egin ahal izango ditugu adibidez, euskaratu edo nahi dugun erabilpena eman.
Estandar irekiak: Estandar irekiak erabiltzeko konpromezuari esker, etorkizunean Diaspora eta beste tresna batzuk elkarreragiteko aukera izango dute. Horrek esan nahi du, beste tresna batzuk sortzen badira horietan ere lagunak egiteko aukera izango dugula.
Diaspora oraindik tresna nahiko berria da. Oraindik ez dakigu zer nolako arrakasta izango duen, baina interesgarriena OStatus bezalako estandar irekiei esker, tresna honek eta beste batzuek elkarreragiteko aukera izan daiteke. Horrek euskaldunoi ere aukera emango liguke gure diaspora zerbitzuak sortzeko, euskaraz. Orain Facebook bezalako zerbitzu zentralizatuen indarra dela eta oso zaila da euskarazko tresna propioak sortzea. Baina diaspora bezalako tresna deszentralizatuak erabiltzen bagara, euskarak aukera bat izango du.