Wikileaks

Gorka Julio

Azken astean asko entzun da Wikileaks proiektuaren izena, baina zein da proiektu honen izaera? Zein bere oinarri eta helburua? Hori guztia argitzen saituko gara artikulu honen bidez.

Wikileaks

Wikileaks, wikifiltrazioak esan nahi du. Wiki hitza wiki tresnatik dator, hainbat pertsonek batera editatu dezaketen webguneen izena da, Wikipedia adibidez. Leaks hitza aldiz, filtrazio esan nahi du, normalean sekretukoak edo eskuratzen zailak diren dokumentuak argitara ateratzea alegia. Hori da zehazki erakunde honek egiten duena lortzen dituen dokumentuekin.

Erakundea 2006. urtean sortu bazen ere famatu egin zen Irakeko gerrako bideo konfidentzial bat zabaldu zutelako. Bideo horretan zenbait herritarren aurkako erasoa ikusten da eta baita anbulantzia baten aurkako erasoa ere.

 

Horren ondoren Afganistango guda dokumentuak filtratu zituzten. 92.000 dokumentu horiek gainera The Guardian, Der Spiegel eta New York Times hedabideetan ere zabaltzea lortu zuten. Ostean Irakeko gerraren AEBetako 400.000 dokumentu sekretuen filtrazioa etorri zen, bertan AEBetako gobernuak torturaren erabilera argi utzi zen eta baita herritar soilen aurkako erasoak egin zituztela ere.

Azkena AEBetako enbaxaden informazio konfidentzialaren 251.287 dokumentuen filtrazioa izan da. Dokumentu horietan AEBetako enbaxada ezberdinen informazioa argitara ematen da. Konfidentzialtasun maila ezberdinetako dokumentuak badaude ere, guztiz sekretuak diren asko daude tartean. Hauetan AEBek agintari batzuei buruzko iritzia, bere politika basatiaren aztarnak, presioak eta bere helburuak defendatzeko egiten duten guztia argi uzten da. Filtrazio honen aurrean AEBen erantzuna, dokumentuak zabaldu dituztenen aurka jartzea izan da. Dokumentuetan azaltzen diren basakeriak salatu baino, dokumentuak argitara eman dituztenen aurka jarri dira.

Wikileaks-ek bost hedabide garrantzitsuri informazio hauek zabaltzeko aukera eman die: The New York TimesThe GuardianSpiegelLe MondeEl Pais. Hala ere, informazioak eztabaidatzeko leku nagusirik ez dago, sare osoa da. Blog askotan gai honen inguruko informazio ugari topatu daiteke. Twitter sare sozialean eztabaida jarraitzeko #cablegate etiketa jarraituz jendearen eztabaidak ikusteko aukera dugu. Gertuago, berriketan.info informazioaren sare sozial euskaldunean Wikileaks EH taldea sortu da gaia jorratzeko. Dudarik gabe garrantzi handiko gaia izango da eta denok dugu zerbait egiteko.

Gorka Julio

2010, Azaroa 30
Arloa: Sarean