Ubuntu 11.04

Gorka Julio
Ubunturen bertsio berria kalean da eta oraingoan aldaketa handiak dakartza. Ubuntu idazmahairako Linux sistema eragile oso bat da, Debian banaketan oinarritutakoa. Ubuntu, Mark Shuttleworth jabe den Canonical Ltd enpresaren dirulaguntzaz argitaratzen da. Banaketaren izena Hegoafrikako Ubuntu kontzeptutik hartzen du -gutxi gora behera, "besteekiko humanitatea". (Wikipedia)

sarean20110330

SISTEMA

Aldaketa nagusiak aplikazioen eguneraketarekin batera leiho kudeatzailearen eta mahaigainaren estiloan datza. Bertsio berri honetan Unity erabiltzen da kudeatzaile moduan. Unity-k edozein gailutan ordenagailu, netbook, tablet... ondo integratua dagoen esperientzia bat izatea bilatzen du. Horretarako erraztasun handiak ematen ditu aplikazioak erabili, instalatu eta bilatzeko. Horrekin batera gainera, sare sozialekin, komunikazio tresnekin eta orohar notofikazioak behar dituzten tresnekin ondo integratzen da.

Abiarazalea

Ezker aldean aplikazioak abiarazteko barra berezia dago. Barra horretan gehien erabiltzen diren aplikazioak agertzen dira eta berriak gehitzeko nahikoa da ikonoa bertara mugitzea. Aldi berean, erabiltzen ari garen aplikazioak eskura edukitzeko balio du.

Bilatzailea

Abiarazle barraren goiko partean agertzen den Ubuntu ikonoa sakatuz gero, bilatzailea agertzen da. Bilatzaile horrek sistema osoan bilaketak egiteko balio du eta oso erraza da honekin dokumentuak, baina baita ere aplikazioak azkar aurkitzea.

Lan-eremuak

Ubuntuk, GNU/Linux sistema guztiek bezala hainbat lan-eremu eskaintzen ditu. Lan-eremu horien artean mugitzeko erraztasunak ematen ditu banaketa berriak. Horretarako abiarazletik Lan-eremuak erakusten dituen ikonoa sakatu behar da eta horrela nahi dugun lan-eremura mugitu gaitezke. Lan-eremu ezberdinak edukitzea aplikazio ezberdinekin mahaigain ezberdinak izango bagenitu bezala lan egin ahal izango dugu.

Notifikazioak

Goiko partean, eskuinean notifikazio area aurkitzen da. Notifikazio area honek sistemaren, komunikazio tresnen, audio tresnaren, etab.-en notifikazioak ematen dizkigu. Oso erraza da hauen bidez bai sisteman eta bai tresna horien bidez iristen diren notifikazioak jaso eta horiekin zer egin erabakitzea. Adibidez sare sozialetan egiten dizkiguten aipamenak, posta elektroniko berri bat iritsi denean edota norbaitek berehalako mezularitzatik gurekin hitz egin nahi duenean bertan agertuko da. Aurreko bertsioan ere bazegoen, baina orain ingurunearekin erabat integratzen da.

 


 

APLIKAZIOAK

Sistemak normalean erabiltzen diren aplikazio ohikoenak berez instalaturik ekartzen ditu. Beste sistema eragile batzuekin konparatuz gainera hauek instalatuta ez badaude oso erraz eta sistematik atera gabe instala daitezke "Ubuntu software center" erabiliz.

Web nabigazioa

Mozilla Firefox-en bertsio berriarekin nabigazioa era erraz eta azkarrean gauza daiteke. Honek dituen birus, malware eta phising erasoen aurkako babes tresnei esker segurtasuna ere oso handia ematen du. Hala ere, beste web nabigatzaileak ere instala daitezke "Ubuntu software center" tresnarekin; adibidez Google Chrome. Nabigatzaileez gain Liferea RSS irakurgailua ere badator. Honek RSS bidez interesgarriak diren RSS duten webguneetara harpidetzeko aukera ematen digu.

Bulegotika

LibreOffice berria ekartzen du sistemak. LibreOffice bulegotika aplikazio sorta oso bat da, aurkezpenak, dokumentuak, kalkulu-orriak... sortzeko eta irekitzeko aukera ematen du. Beste bulegotika tresna ezagunen fitxategiak irekitzeaz gain, pdf-ak sortzeko aukera erraz bat ere ematen du. LibreOffice tresnaz gain, beste tresna interesgarri asko ere eskaintzen ditu sistemak Quicken-ek adibidez gastu pertsonalak kalkulatzeko tresna sinple bat da.

Posta elektronikoa eta sare sozialak

Evolution aplikazioaren bidez gure posta elektronikoaren kontrol osoa izango dugu. Evolution gehiegi iruditzen bazaigu sinpleagoa den Mozilla Thunderbird erabili dezakegu. Horretaz gain, berehalako mezularitza eta sare sozialak guztiz integratuak daude. Lehenengoa Empathy tresnarekin eta bigarrena Gwibber erabiliz. Beste tresna interesgarri batzuk ere erabil daitezke berehalako mezularitzarako alternatiba moduan Pidgin erabil daiteke eta nahi izanez gero Skype bezalako tresna pribatiboak ere bideokonferentziak edo deiak egin ahal izateko.

Musika eta mugikorrak

Musika entzuteko Rhytmbox tresna dugu. Spotify eta Last.fm zerbitzuekin oso ondo integratzen da eta gure musika guztiak ondo ordenatuta edukitzeko aukera ematen du. Horretaz gain audio edizioan murgildu nahi badugu, Audacity tresna aurreratuagoarekin edita dezakegu edota Jokosher audio estudioa.

Azken bertsio honetan Ubuntu One-ek ematen dituen aukerekin gure musika guztia gailuen artean sinkronizatua eduki dezakegu; adibidez gure mugikorraren bidez sinkronizatua edukitzeko.

Argazkiak eta bideoak

Zure irudiak ordenatuta edukitzeko Shotwell erabili dezakezu. Irudiak ordenatzeaz gain, editatu eta Flickr bezalako zerbitzuekin integratzeko aukera errazak eskaintzen ditu. Irudien edizio aurreratuagoentzako Gimp bezalako tresnak ere eskaintzen dira. Bideoak ikusteko bideo erreproduzigailu oso erraza ekartzen du, baina bideoak editatu nahi baditugu Pitivi ere badugu. Hauekin nahikoa ez badugu VLC ere oso erraz instalatu daiteke.

Ubuntu software center

Software biltegi horretan beharren bat aurkitzen badugu, segur aski biltegi honetan topa dezakegu. Aplikazio erabilgarriak gaika antolatuta daude eta gainera erabiltzaileek balorazioak egiten dituztenez softwarearen kalitatea neurtu dezakegu. Biltegi honetan hezkuntzarako aplikazio sortak eta jokoak ere topatu ditzakegu milaka aplikazioen artean.

Ubuntu ONE

Zerbitzu honen bidez gure fitxategiak ordenagailu artean sinkronizatuta mantendu ditzakegu era errazean. Zerbitzuak 2GB eskaintzen dizkigu dohain gure fitxategiak, kontaktuak eta oharrak gorde ahal izateko. Gero hauek beste gailuekin sinkronizatuta mantendu ditzakegu. Adibidez Firefoxeko lotura gogokoenak gailu ezberdinetatik sinkronizatuta mantendu ahal izango ditugu honekin.

Gorka Julio

2011, Maiatza 03
Arloa: Sarean