Moodle

Gorka Julio

E-irakaskuntza, urruneko irakaskuntza gero eta ohikoagoa da gure inguruan. Ez irakaskuntza formalean bakarrik, baizik eta beste edozein gauza ikasteko ere aukera handiak eskaintzen dituen metodologia delako. Denborak, distantziak eta ardurek uzten dizkiguten tarteetan irakaskuntza sistema honek aukera berriak irekitzen ditu. Unibertsitateko ikastaro eta graduondokoak, titulu berezituak, ezagutzak berritzeko tailerrak... denetik egin daiteke e-irakaskuntza bidez.

sarean20110629

Hau posible egin ahal izateko hainbat tresna daude, baina horietan ezagunena Moodle da. Honi esker, ezagutza minimo batzuk dituen pertsona batek e-irakaskuntza emateko sistema bat sortu eta ikastaroak ematen hasi daiteke. Unibertsitate eta hezkuntza erakunde ezagun askok erabiltzen dute, baina software librea denez edozeinek instalazio bat egin eta bere ezagutza zabaltzeko erabil dezake. Horregatik gero eta ohikoagoa da tresna hau eta beste batzuk erabiliz ikastaro pertsonalizatuak ematen dituzten pertsonak aurkitzea.

Moodle-k aukera asko eskaintzen dituen tresna bat da eta euskarazko bertsioa ere badu. Ikastaroak antolatu eta ikastaro horietan ikasleek izena ematen dute, ikastaro normaletan bezala. Horretaz gain, ikastaroan zehar irakasle eta tutore rol ezberdinak ezarri daitezke, batzuek beste batzuek baino baimen gehiago izango dituztelarik.

Ikastaroa aurrera eramateko irakasleak, tresna ugari ditu. Alde batetik, baliabideak daude ikasleek beharrezko dituzten informazioak eta bestetik ikasleek egin beharreko zereginak. Zeregin mota ezberdin asko dago, gehienak parte-hartzea, talde lana eta lanak entregatzeko erraztasunak ematen dituzte. Baina nabarmenean, denak Moodle beraren barnean integraturik daude. Hauek garrantzitsuenak:

  • Txata: Ikasle eta irakasleen artean zuzenean hitz egiteko aukera ematen duen tresna.
  • Inkestak: Iritziak jasotzeko aukera ematen duen tresna.
  • Galdetegiak: Ikasleek egin beharreko mota ezberdinetako galdetegiak sortzeko tresna.
  • Inkesta xumeak: Galdera sinple bati erantzuteko inkesta tresna sinplea.
  • Foroak: Eztabaidak gauzatzeko eta ikasle eta irakasleen arteko elkarrekintza jasotzen duten foroak.
  • Glosategiak: Hitz eta terminoen adierak jaso eta osatzeko tresna.
  • Zereginak: Entregatu beharreko lanak entegratzeko erraztasunak ematen dituzten tresnak.
  • Wikiak: Ikasleak banaka edo taldeka osatu dezaketen dokumentu bateratua.

Tresna guzti hauek eta gehiagok Moodle osatzen dute. Hala ere, tresnak baino garrantzitsuagoa izan ohi da ikastaro bat aurrera eramateko era edo gaitasuna. Horregatik irakaskuntza mota hau ezagutu eta aurrera eramateko gaitasuna duten tutoreak dira garrantzitsuak.

Besteen praktikak, esperientziak eta baita gai teknikoagoak ere ezagutzeko urtero Moodlemoot izeneko bilkurak egin ohi dira. Aurten MoodleMoot Euskadi 2011 – Euskadiko Moodle-erabiltzaileen V. Jardunaldiak, Urriak 21 Vitoria-Gasteizko Goiuri Jauregian izango dira. Ekitaldia Moodle erabiliz euren bezeriarentzako hezkuntza-baliabideak kudeatzen dituztenei dago zuzendua: ikastetxe, erakunde eta enpresetako kudeatzaile, garatzaile eta irakasleei. Aurreko Jardunaldietan bezala, oraingoan ere, hitzaldiak, mintegiak eta esperientzien aurkezpenak egingo dituzte bertan. Proposamenak aurkezteko epea Irailak 1ean amaitzen da eta onartuak izateko epea aldiz Irailaren 8an.

Ez Moodle bakarrik, baizik eta e-irakaskuntzak etorkizun handia duela argi dago. Baina Moodle bezalako tresnei esker gainera irakasteko eta ikasteko aukerak asko zabaltzen dira. Tresna honen bidez edozeinek, beste batzuei zuzenean ikasteko aukera errazten du. Internet erabiliz irakaskuntza eredu berri eta askatzaileagoak martxan jartzeko bideak ireki ditzakeen tresna da alegia.

Gorka Julio

2011, Ekaina 29
Arloa: Sarean