Auzolana sarean

Gorka Julio

Auzolana oso kontzeptu zaharra da gurean, baina Interneten auzolana egiteko bide egokienetako bat da. Ematen dituen komunikazio eta parte-hartze tresnei ezker jendea bildu eta elkarlanean gauza berriak sortzeko aukerak ematen ditu.

sarean20111130

Euskararen kasuan, auzolana beharrezkoa da. Askotan helburu komertzialekin egindako ekimenak ez dira euskarara iristen gure hizkuntz komunitateak duen tamainagatik. Horregatik gure esku dauden tresnak erabiliz auzolanean euskarazko proiektu teknologikoak sortzea gakoa da. Honek gainera, aukera berriak irekitzen ditu, gure etorkizun teknologikoa gure eskuetan hartzeko aukera adibidez.

Talde eta proiektu asko dago Euskal Herrian sarean ere auzolanean ari direnak. Batzuk denboran momentu zehatz bateko ekimenak badira ere, badira epe luzerako auzolan proiektuak ere. Hauek dira hauetako batzuk.

Librezale

Librezale euskara informatikaren munduan bultzatzea helburu duen lantalde irekia da. Librezalek ez dauka egitura finkorik, eta edozeinek har dezake parte nahi duen modura eta nahi dion denbora eskainiz. Librezalen parte hartu nahi izanez gero, begiratu webguneko Parte hartu nahi duzu? atala.

Bere printzipioen artean:

  • Aplikazio informatikoak euskaraz edukitzeko lan egiten dute.

  • Software librea lehenesten dute, askatasun gehien ematen duena delako.

  • Lanak ere lizentzia libreekin banatzen dituzte. egindako lana etorkizunerako ere baliagarria izateko.

  • Zubiak eraiki behar direnez, plataforma anitzetan dabiltzan programak lehenesten dituzte.

  • Estandar eta formatu irekien alde egiten dute, aukerak aukera, elkar ulertzeko ezinbestekoak direlako.

Webgunea: http://librezale.org

Blogsoviet

Bakoitzak bere bloga, bere domeinupean eta euskaraz izateko elkarlan proiektua. Bertan parte hartzen dutenek zerbitzaria partekatu, ardurak banatu, eztabaidak gauzatu eta blogen inguruan elkarren artean ikasten dute.

Bere helburuak hauek dira:

  • Bloga dutenei hurrengo pausoak ematen laguntzea.

  • Independentzia teknologikoan pauso bat gehiago ematea.

  • Baliabideak kolektiboki kudeatzen ikastea.

  • Sortzaileak ahaldundu, ondoren beraiek ere beste blogsoviet batzuk sortu ahal izateko.

Webgunea: http://blogsoviet.com


Guifi.net EH

Guifi.net horizontalki antolaturiko proiektu ireki eta parte-hartzailea da. Parekideen arteko elkarkonexio akordioetan oinarritzen den telekomunikazio sare ireki, aske eta neutral batek osotzen du, non parte-hartzaile bakoitzak bere antena erabiliz sarera konektatzean, sarea hedatzen duen eta beste guztiekin konektatzen den. Guifi.net EH beraz, proiektu hau Euskal Herrian zabaltzeko bildu den jende taldea da.

Hauek dira bere helburuetako batzuk:

  • Guifi.net proiektua Euskal Herrian hedatu.

  • Guifi.net sarea zabaltzen laguntzeko proiektuak eta ekimenak aurrera eraman.

  • Sare ireki, aske eta neutral baten beharraz jendartea ohartu.

Webgunea: http://euskalherria.guifi.net

Euskal Wikipedia

Denok ezagutzen dugu Wikipedia entziklopedia askea. Non edonork idatzi eta parte-hartu dezakeen eta sortzen den edukia erabat librea den. Euskal Wikipedia talde zehatz bat ez bada ere, Wikipedia euskaldunean lan egiten duten pertsona taldea da. Hauei esker, Wikipedia hobeto mantentzea lortzen da.

Bere helburuak hauek izan daitezke:

  • Euskarazko Wikipediako eduki berriak sortzen lagundu.

  • Sortzen diren edukiak zuzendu edo moldatu.

  • Beste Wikipediekin egin beharreko loturak egin.

  • Euskarazko Wikipediaren filosofia ezagutarazi eta zabaldu.

Webgunea: http://eu.wikipedia.org

Wikipediaren 10. urteurrenean auzolan deialdia

Aipatutako proiektuetan parte-hartzeko erarik hoberena gehienetan, webgunera jo eta bertan parte-hartzeko jartzen dituzten bideak jarraitzea da. Normalean auzolan proiektu hauetan kontaktua egin eta beti agertzen da laguntzeko prest dagoen norbait. Hala ere, batzuetan oraindik ere jendeak parte hartzeko oztopoak ikusten ditu. Horretarako askotan, topaketak edo ekitaldiak egiten dira jendearen parte-hartzea bilatzeko.

Euskal Wikipediak 10. urteurrena dela eta abenduaren 6an hartuta edizio-maratoia antolatu dute Gerediaga Elkartea, Euskal Wikipedia eta IXA taldearek batera. Euskal Wikipediaren proiektua aurkezteko hitzaldiaren ondoren, itzulpenak automatikoki egiteko tresna azalduko da.

Ekitaldiaren zati nagusia praktika da, edizio-maratoia. Hitzaldien ondoren, egunean zehar, partaideak Wikipedian zuzenean editatzen ikasiko du, saioan bitartean tutoreak laguntzeko izango baititu.

Wikipedian lagundu nahi izan baduzu, baina zailtasunak aurkitu badituzu; Interesagatik egiten baduzu; zure lanean aplikatu nahi baduzu; zure denbora librean Wikipedian lagundu nahiko bazenu... Ez izan beldurrik eta bertan dabiltzanekin batera parte hartu.

Helburuak

Auzolan deialdi honen eta edizio-maratoi honen helburuak asko dira:

  • Wikipedia: Jakintza librearen entziklopedia ezagutarazi.

  • Euskal Wikipedia: 10 urteko ibilbidea aurkeztu.

  • Wikipedian editatzeko erremintak erakutsi eta erabiltzen ikasi.

  • Itzulpen automatikorako tresnak ezagutu.

  • Itzulpen automatikoa eta Euskal Wikipedia elkarlanean ikusi.

  • Euskal Wikipedia hornitu eta edukiz osatu.

Egitaraua

Hauxe da eguneko egitaraua, animatu eta zure ingurukoei ere deialdia zabaldu.

10:30-11:15 Hitzaldia: Euskal Wikipedia: 10 urte jakintza librea zabaltzen.

11:15-11:45 Hitzaldia: Itzulpen automatikoa eta Wikipedia elkar laguntzen.

11:45-14:30 Euskal Wikipediaren edizio-maratoia: Euskal Wikipediaren administratzaileek eta itzulpen-automatikoan adituek tutorizatuta.

15:30-16:15 Hitzaldia: Euskal Wikipedia: 10 urte jakintza librea zabaltzen.

16:15-16:45 Hitzaldia: Itzulpen automatikoa eta Wikipedia elkar laguntzen.

16:45-19:00 Euskal Wikipediaren edizio-maratoia: Euskal Wikipediaren administratzaileek eta itzulpen-automatikoan adituek tutorizatuta.

19:00-19:30 Amaiera ekitaldia: Saio honetan edizio-maratoiaren datuak eta balorazioa egingo da.

Beraz, bi aukera dituzue goiz edo arratsalde auzolan deialdi honetan parte hartzeko, ez galdu aukera. Eta ez ahaztu, gehienetan badago euskara Interneten ere sustatzeko interesatu dakizukeen proiekturen bat eta bestela beti duzu sortzeko aukera.

Gorka Julio

2011, Azaroa 30
Arloa: Sarean