P2P sareak eta Tribler
Azken hilabeteetan erasoen (Megauploaden itxiera kasu) eta legedi atzerakoien (Sinde-Wert, SOPA, PIPA...) ondorioz Interneten neutraltasunaren aldeko eta zentsuraren aurkako eztabaida berriro ere piztu da. Eztabaidaren muinean fitxategi elkartrukerako P2P programak agertu dira berriro ere. Megaupload bezalako atarien sorrerarekin programa hauek erabileran gainbehera bat jasan bazuten ere, berriro ere jende askoren ahotan daude.
Fitxategi elkartrukerako zerbitzu zentralizatuen aurrean programa hauek, hainbat pertsonen arteko zuzeneko elkartrukea ahalbidetzen dute. Honek asko zailtzen du, hauen aurka egitea; hori lortzeko kasu askotan pertsona bakoitzaren ordenagailuak kontrolatu beharko lituzketelako edo behintzat askoz ordenagailu gehiago. Sare hauen funtzionamendua azaltzea teknikoki apur bat zaila den arren, era xalo batean apur bat azaltzen saiatuko naiz.
Programa hauek guztiak ez dira berdina, beraien arteko ezberdintasunak garrantzitsuak dira. Horietan ezagunenetako bat eMule izan zen eDonkey sarea erabiltzen zuen programa honek elkartrukerako. Sistema hauetan zerbitzari batzuk bitartekari lanak egiten dituzte, horiei esker fitxategi bat edo horren zatiak non topa daitezken dakigu. Ondorioz, fitxategiak zaharrak badira ere aurkitzeko erraztasunak izango ditugu, baina aldiz beste soluzio batzuk baino mantsoagoa da fitxategi zati bakoitzerako ilarak sortzen baitira.
Noski zerbitzari hauek erabiltzea erasoen aurrean muga bat ere bada. Hauetako batzuk desagertuko balira sarearen errendimendua asko jaitsiko litzateke. Hori da sare hau erabiltzen duten programa eta sistemen akats nagusia. Hau saihesteko zenbaitzuk Kademila sistema inplementatu zuten.
Baina badira beste alternatibak ere. Horien artean ezagunenetarikoa BitTorrent da. BitTorrent fitxategi elkartrukerako protokolo banatu bat da. Fitxategiak elkartrukatu nahi dituzten pertsonak topatzeko tracker izeneko fitxategiak erabili ohi izan dira. Fitxategi horiek ireki eta horien bidez fitxategia jaitsi daitezkeen beste pertsonak topatzen ditu programak. eDonkey sarearekin konparatuz azkarragoa izan ohi da, baina batez ere momentu horretan gehien jaisten ari diren edukiak jaisten dira sistema honen bidez. Momentu horretan fitxategia jaisten dutenek ere, besteei fitxategia jaisten laguntzen diete horrela.
Aipatutako mugez gain, tracker fitxategiak izatea ere arazo bat da. Horrelako asko gordetzen dituzten Interneteko zerbitzuek ere erasoak jasan ditzaketelako. Hala ere, azken aldian protokoloak zenbait garapen izan ditu, tracker fitxategiak erabili beharrean magnet loturak erabiltzea adibidez. Honi esker jada ez da beharrezkoa fitxategirik irekitzea, lotura horiek tokira baino, edukira egiten diote erreferentzia eta gero sareak bera enkargatzen da fitxategiak nondik lor daitezkeen jakiteaz.
BitTorrent protokoloak eta hau erabiltzen duten programak garapen handia jasaten ari dira. Horren erakusgarri da zuzeneko streaming emisioak egiteko gaitasuna ematen duten azken aldaketak edo Tribler bezalako programak.
Tribler
BitTorrent protokoloa erabiltzen duten programen artean aurreratuena da eta beste batzuekin alderatuz berrikuntza ugari dakartza; hauek dira batzuk:
Bilatzailea
Beste programa batzuk ez bezala, sarean zehar bilaketak egin beharrean bere bilatzaile propioa dakar Triblerrek. Honi esker, bilaketak programan bertan egin eta torrent fitxategiak jaitsiz edo magnet loturak jarraituz fitxategien jaitsiera hasiko dugu berehala.
Kanalak
Fitxategien osotasuna eta interesa garrantzitsuak dira. Askotan sare hauetan izen desegokia duten fitxategi asko egon daitezke, hauetako batzuk kode maltzurra ere badira. Hori ekiditeko programak jendearen artean sortutako kanalak osatzeko aukera ematen du. Honekin batera, baita eduki bat baloratzeko aukera ere. Honek jaisten ditugun fitxategiei ziurtasuna ematen dio.
Bideo streaming
Jaisten ari garen fitxategiak bideoak badira, jaisten ari diren bitartean hauek ikusteko aukera ematen digu tresnak. Orain arte programa mota honen arazoetako bat horixe zen, fitxategia osorik jaitsi arte ikusteko zailtasuna.
Plataforma anitza eta publizitate gabe
Windows, Mac eta GNU/Linux sistementzako erabilgarri dago. Edozein sistema eragile duzula ere erabili dezakezu beraz. software librea da gainera eta ez du publizitaterik.
Tribler etorriko diren beste tresna askoren lehenengoa da. Orain zaila iruditzen bazaigu ere, sare banatuen filosofiarekin eta P2P protokoloak erabiliz beste tresna pila bat ikusiko ditugu, denbora kontua besterik ez da.