Irribarrea lanbide

Estibalitz Ezkerra

art04_1.jpg


art04_2.jpg

Pasio zutena lanbide bihurtzeko gaitasuna eduki zuten. Virginia Imaz eta Karmelo Muñoz neska eta mutikoekin adierazkortasun tailerrak antolatzen hasi ziren. “Memento hartan, umeekin batera antzerkia lantzen genuen, baina pixkanaka zeregin horretan gehiago inplikatu ginen, eta umeentzako antzerkia egiten amaitu genuen”. Horretarako, 1996an antzerki konpainia bat eratzea pentsatu zuten, eta Oihulari Klown izena jarri zioten. Oihulari Klown. Izen bitxia, ezta? Jakin badakigu clownek ez dutela hitzik erabiltzen; gorputz adierazpenean oinarritzen dira beren ikuskizunak. Beraz, nolatan izan daiteke clown bat oihularia? Talde gipuzkoarraren ibilbidea aztertzen badugu, berehala ohartuko gara izen horren esanahiaz. Esaerak dioen bezala, irudi batek mila hitzek baino gehiago adieraz dezakete. Beste horrenbeste esan daiteke Gipuzkoako konpainiaren lan egiteko moduaz. Clowna. “Horixe da gutako gehienoi gustatzen zaiguna”, esan digu Virginiak. “Maskara antzerkia, bufoiak eta Commedia dell’Arte dira gure erreferentzia nagusiak. Hortik edan dugu geure antzerki eredua sortzeko”. Eta nolakoa da zehazki eredu hori? “Esan dezagun gaur egungo clown-a ikertzea interesatzen zaigula. Hau da, zirkuko clown tradizionala baino gehiago, gizarteari begira zeregin bat duen clown eredua (ospitaletara doana, kongresuetan parte hartzen duena) lantzen dugu”. Azken batean, heziketa eta entretenimendua uztartzea da Oihulari Klownen helburua. Batzuek uste dute kontrajarritako elementuak direla aipatu bika, baina Gipuzkoako konpainiak ezin hobeto frogatu du ez duela zertan horrela izan behar. “Plazerra sortzearekin batera posible da jendea hezitzea, denbora luzez klasikoek egin duten bezala. Gure ikuskizun gehienak gogoeta sakonen emaitza dira; kritika barneraturik daramate. Gaur egungo pailazoek garai bateko bufoien antzera lan egin dezaketela frogatu nahi dugu. Agian ez dute hainbeste erokeriarik egingo, baina gizartearen isla izan nahi dute. Inguruan dutenaren aurreran jarrera kritikoa agertuko dute, eta kritika hori ikusleei helaraziko diete”. Drogak (Rekoloklown), publizitatea, mitoak (Ogibidez printzesa)... Denetariko gaiak jorratu dituzte beti ere espiritu kritiko horri helduta. Alabaina, gogoeta eta kritika eragiteko moduak eta moduak daude. Oihulari Klownekoen kasuan, umoreaz baliatzen dira jendearengana ailegatzeko. “Halako gaiak planteatzeko orduan, umorea bitarteko egokia iruditzen zaigu. Jendeak hobeto onartzen ditu umorez egindako planteamenduak, seriotasunez egindakoak baino. Nolabait, eraginkorragoa da”. Tamalez, oraindik ere aurre iritzi ugari daude pailazo, clown eta ipuin kontalarien inguruan. “Populazioaren gehiengoak halako hitzak dituenean haurrei zuzenduriko ikuskizunetan pentsatzen dute. Guk geuk haurrentzako hainbat obra egin ditugu (eta egiten jarraituko dugu), baina bestelako esparruak lantzea ere interesatzen zaigu”. Hain zuzen, clown antzerkia ez ezik ahozko narrazioan espezializaturik dago Imazek eta Muñozek gidatzen duten konpainia. “Beraz, antzezlanez gain, ipuin kontalari gisa ere jarduten dugu”.

art04_3.jpg

 

Hamabost urte bidea egiten

Aurten, Oihulari Klownek hamabost urte bete ditu, beraz, pozteko nahikoa arrazoi dituzte talde kideek. Alabaina, Virginiak berak aitortu digunez, orain arteko bidea txundigarria bezain gogorra izan da. “Ez da erraza 15 urteren ostean lanean jarraitzea, baina ez guretzat bakarrik. Edozein antzerki konpainiarentzat, are gehiago, kultur jardueraren batean ari den edonorentzat zaila da halako ibilbide bati eustea”. Zeren oraindik Euskal Herrian antzerkiak anaia pobrea izaten jarraitzen du. “Salbuespen bakarra konpainia handiak dira. Horrelakoek, aktore famatu asko dituzte lan taldean (gehienak telebistatik igarotakoak), eta ikusleak erakartzeko arazorik ez dute izaten. Baina gainerakoontzat, ikuskizun bakoitza erronka bat da. Panorama nolakoa den ikusita, guk geuk ezin dugu azaldu nolatan lortu dugun hainbeste denbora irautea. Agian izango da oso gauza ezberdinak egiten ditugulako: batzuetan ipuinak, bestetan ikuskizunak, edo tailerrak, zuzendaritza kontuak...”. Virginia ez da irribarrea erraz galtzen duten horietakoa. Azken batean, irribarrea du lanbide. “Hobeto ala okerrago, kontua da aurrera goazela. Pozik gaude gustukoa duguna egin dezakegulako; pozik ere egiten dugun umorea ikusleekin ondo konektatzen duelako. Orain arte geure lanek emaitza onak eman dizkigute. Gainera, 15 urte bete arren, oraindik ikasteko asko dugula uste dugu.

Estibalitz Ezkerra

2004, Otsaila 01
Arloa: Arteder